Adin nagusiko getariarrak izan ziren atzoko protagonistak. Zahartzaroari omenaldia egin zioten herrian eta egun osoan zehar, haiei zuzendutako hainbat ekitaldi antolatu zituzten. Aurtengoan, Felisa Ganboa Gorostiza, Isabel Berasaluce Ucin eta Jose Azkue Iribar omendu dituzte.

Goizetik hasita, Getariako Musika Banda herriko kaleak alaitzen aritu zen. Ondoren, 11:00etan, meza nagusia egin zen eta bertan, Gazte Alaiak txistulari taldearen laguntzarekin, Gure Txeruko Dantza Taldeko kide batek aurreskua egin zien omenduei. Omenduetako bakarra bertaratu zen mezara, Jose Azkue, hain justu. Biloba eta seme-alaba guztien izenean, Azkueren bilobak, Izaro Lestayok, hartu zuen hitza. Esker eta maitasun hitzak besterik ez zituen izan ahoan; adierazitakoaren arabera, aitona beti egon izan da eta dago presente euren bizitzetan, adibidez, ikasketetako edo laneko kontu garrantzitsuren bat daukatenean, “kandelak noiz piztu jakiteko beti deitzen digu”.

12:30ean, Getariako Musika Bandaren eta Salbatore Deuna Abesbatzaren kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Eneritz Jauregi zuzendariak kantu eta dantza egitera gonbidatu zuen publikoa. Hala, Kalean gora, kalean bera abestian zehar, eserlekuan gora eta behera ibili ziren ikusleak eta tartean, zenbait irrintzi ere bota zituzten.

Ondoren, Zumaiako El Txoko de Mikel Bermejo jatetxera joan ziren bazaltzera eta bazkalostean, DJ Arosen eskutik, musika entzun eta gorputzak mugitzeko aukera izan zuten.

 

Lotutako albisteak: