Joan den astelehenean, 07:00etan, Palmako portuan txikota askatu eta Mediterraneo erdialdera abiatu da Aita Mari erreskate ontzia. Hala, zortzigarren erreskate misioari eta urte honetako bigarrenari hasiera eman dio erreskate-ontzi bilakatutako Getariako arrantza-ontzi ohiak.

Erreskate-eremua Libiatik 50 miliara eta Lampedusatik 100 milia ingurura dago eta helburua da itsasoan noraezean dabiltzan errefuxiatuak erreskatatzea. Gaur arte, orotara, 669 pertsona erreskatatu ditu Aita Marik.

Abiatu aurretik, Izaskun Arriaran Aita Mariren misioaren buruak ETBri adierazi zionez, “misio guztiek daukate bere zailtasuna; oraingoan, adibidez, erregaien garestitzeak balditzatu gaitu”. Horrez gain, proiektuaren baitan dauden pertsona guztien lana azpimarratu zuen: “Ontzian 10-13 pertsona goaz, baina atzetik pertsona pilo bat dago, hasieratik laguntzen egon direnak”.

Argazkia: Aita Mari