Joan den larunbatean, Getariako Sahatsaga Kiroldegian egin zuten Gipuzkoako Kenpo Txapelketa. Getariar bakarrak parte hartu zuen lehiaketan, Itsaso Legorburuk, hain justu. Izan ere, lesio bat tarteko, Judith Lazkanok ezin izan zuen lehiatu.

Legorburuk emaitza onak lortu zituen eta arte martzialetako hiru modalitatetan brontzezko domina eskuratu zuen: kata, kobudo eta goshin modalitateetan, zehazki. Konbatea egiteko ere prest zegoen getariarra, baina bere mailako emakumerik ezean, ezin izan zuen jokatu. Gainerako modalitateetan talde mistotan aritu zen, baina Legorburuk azaldu modura, “legez, konbatea ezin da mistoa izan”.

Orain, bi getariarrek Kenpo Kaiko Munduko Txapelketan dute jarrita begirada. Abuztuko lehenengo asteburuan, Japonian egingo den txapelketan lehiatzea da euren asmoa. Hala ere, Legorburuk ez du argi ikusten bertara joateko aukera: “Pandemia dela eta han oso zorrotzak dira eta azkenean, ez dakit zer gertatuko den”.

 

Lotutako albisteak: