Uztailaren 10ean, igandean, 11:00etan hasita, egingo da San Anton Bira probaren hirugarren edizioa. Parte hartzaileek Gaztetape hondartzan hasi eta, San Anton mendia inguratuz, Malkorbe hondartza arteko itsas zeharkaldia egin beharko dute igerian. 2.600 metroko ibilbidea izango da, “oldarretik barera egingo du, ur handitan ibili ostean lehorreratzen diren arrantzaleak bezala, Malkorbe barean amaitzeko”. Dagoeneko zabalik dago izen-ematea kronoak webgunean; horretarako azken eguna uztailaren 3a izango da, 23:59an.

Getaitri Triatloi Klubak eta Zarautz Balea Igeriketa Kirol Elkarteak antolatutako igeriketa proba horretan, 15 urtetik gorako igerilariek parte hartu ahal izango dute. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, “itsasoaren egoerak proba itsas-zabalean egitea eragozten badu, Malkorbe hondartza aurrean kokatuko diren buien bidez, ibilbide alternatiboa egingo da”.