Pandemiari aurre egiteko herrialdeak hartutako neurri zorrotzak direla-eta, abuztuan Japonian egitekoa zen Kenpo Kaiko Munduko Txapelketa bertan behera geratu da. Duela hilabete pasatxo, Itsaso Legorburu eta Judith Lazkano getariarrek hara joateko txartela eskuratu zuten; aurtengoan, ordea, ez dute bertan lehiatzeko aukerarik izango. “Herrialdera sartzeko arazo ugari ari dira jartzen eta egoerak ez dauka aldatzeko itxurarik”, dio Legorburuk.

Orain arte, zein neurri jartzen zituzten eta horiekin joateak merezi zuen baloratzen egon direla azaldu du Legorburuk. Japoniak herrialde bakoitzetik joaten diren bisitariei neurri jakin batzuk betearazten dizkie. Getariarren kasuan, “koronabirusaren aurkako hirugarren txertoa hartuta joan behar genuen; bidaia, derrigorrez, agentzia batekin lotu behar genuen; eta momentu oro, non egongo ginen zehaztu behar genuen eta zehaztutakotik aparte ezin genuen ezer egin. Oso neurri zorrotzak dira eta ez genekien berrogeialdia egin beharko genuen edo ez”.

Datorren urtean, Tunezera lekualdatu dute txapelketa eta Legorburuk aitortu duenez, badute bertara joateko intentzioa: “Helduen taldeak jarraitzen badu, irakasleak esan digu baietz, hurrengo urterako entrenatzen jarraituko dugula. Gainera, bidaia askoz merkeagoa izango litzateke”.

Haurrentzako kenpo kai klaseak

2022-2023 ikasturteari begira, umeentzako kenpo kai klaseak eman nahi dituzte. “Laister gerriko beltza aterako dugunez, irakasleak esan zigun ea haurrei kenpo kaiko klaseak emango genizkiekeen”, adierazi du Legorburuk. Klaseen berri emanez, gurasoen artean mezua zabaltzen hasi eta dagoeneko, lau ume apuntatu dira. Beraz, “taldea sortzen bada, datorren urtean umeei zuzendutako kenpoko klaseak egongo dira”.

 

Lotutako albisteak: