Eguzki ederrarekin eta bainu-hartzaile ugarirekin, gaur hasi da hondartza denboraldia Gipuzkoako udalerrietan. Sasoia hiru hilabetez luzatuko da, irailaren 15a arte. Hala, gaurtik aurrera, egunero, 11:00etatik 19:00etara, Gurutze Gorriaren zerbitzuak eskuragarri egongo dira herritar guztientzat Gaztetape eta Malkorbe hondartzetan.

Joan den ostegunean, Zarauzko hondartzan aurkeztu zuten 2022ko hondartza denboraldia. Bertan azaldutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiako Ingurumen Departamentuak milioi eta erdi euro erabiliko ditu hondartzen garbiketa, bideometria sarea, Nik Hondartzak aplikazioaren eguneraketa eta sentsibilizazio kanpainak egiteko nahiz salbamendu zerbitzuan laguntzeko.

Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuaren hitzetan, “herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko” helburuarekin eta Hondartzen Mahaian adostutakoari jarraituz, aurten, pandemia garaian aforoak kontrolatzeko martxan jarritako Nik Hondartzak aplikazioa mantenduko dute. Hala ere, zenbait aldaketa txertatu dituzte: alde batetik, okupazioa adierazteko semaforo sistema beharrean termometro bat erabiliko dute; bestalde, bainatzeko debekuaren alertari itsasoaren egoerari, olatuen ezaugarriei, mareei eta puntu arriskutsuei buruzko informazioa gehituko diote; azkenik, garraio publikoari lehentasuna emanez, aplikazioak botoi bat izango du hondartza bakoitzera nola iritsi adierazteko.

Horrez gain, Emausekin eta Elikagaien Bankuarekin lankidetzan, Elkartasun olatuak sentsibilizazio kanpaina ibiltaria diseinatu dute. Ekainaren 9tik abuztuaren 2ra, furgoneta bat zortzi udalerritan eta bederatzi hondartzatan barrena ibiliko da; puntu bakoitzean astebete egongo da. Kanpainak bi helburu ditu: batetik, jokoen, mintegien eta eranskailuen bidez, zakarrontziak ondo erabil daitezen sustatzea eta herritarrak hondakinak gaika bereizi eta biltzearen inguruan sentsibilizatzea. Bestalde, Elikagaien Bankurako elikagaiak bilduko dituzte. Carlos Martinez Elikagaien Bankuko presidenteordearen arabera, “egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioz, onuradun kopurua hazi egin da”. Bereziki, ondoko elikagaiak behar dituzte: olioa, arrain kontserbak (atun latak, sardinak…), arroza, pasta eta dilista lehorrak.

 

Lotutako albisteak: