Gogor saiatu arren, eta bi denboraldiz Iberdrola Ligan lehiatu ondoren, aurtengoan, Eibar taldeak ezin izan dio mailari eutsi. Talde gipuzkoarrarentzat aldaketa ugariko urtea izan da eta denboraldi “luze” baten ondoren, Ane Campos (1999) aurrelari getariarra, ahal den heinean, atsedenaz gozatzen ari da. Berak aitortu digunez, ez daki geldirik egoten eta gure deiak, nola ez, etxetik kanpo harrapatu du. Amaitu berri den sasoiaren errepasoa eta datorrenaren inguruko lehen zertzeladak eman dizkigu Camposek.

Nola bizi izan duzue maila jaitsiera?
Urtea entrenatzaile berri batekin hasi genuen. Taldea, neurri handi batean, mantendu egin genuen, baina lortutako emaitzengatik… entrenatzailez aldatzea tokatu zitzaigun. Ahalik eta puntu gehien lortzen saiatu gara, baina ez digu balio izan. Futbolak batzuetan gauza onak ekartzen ditu baina beste batzuetan, ez hain onak eta guri, azkenean, mailaz jaistea tokatu zaigu. Igotzeko aukerak badauzkagu eta hurrengo urtean horretan saiatuko gara.

Denboraldian zehar, beraz, entrenatzaile aldaketa eduki duzue?
Bai, baina entrenatzailez aldatuta ere, lortutako puntuek ez digute balio izan mantentzeko.

Nolakoa izan da denboraldia?
Oso luzea egin zait. Egoera desberdinak bizi izan ditugu eta urte berean entrenatzailez aldatzen genuen aurrenengo aldia izan da niretzat. Orduan, oso denboraldi arraroa izan da eta aldaketok asko eragin didate. Hasieran, modu batera ari ginen jokatzen eta, bat-batean, beste entrenatzaile bat etorri eta dena goitik behera aldatu zen.

Taldeari ere, oro har, denboraldia luze egin zaiola uste dut. Beheko eremuan egotea eta nahi bezalako emaitzak ez lortzea gogorra izaten da. Azkenengo momentura arte saiatu izan gara puntuak lortzen, baina ezin izan ditugu nahi adina eskuratu.

Beheko postuetan egonda, buruak ere lan asko egingo du, ezta?
Bai. Astebururo, gure helburua zen ahalik eta puntu gehien lortzea eta oso gogorra izan da. Mentalki oso oso zaila da egoera edo emaitza horiei buelta ematea. Asteburu batean galdu eta hurrengo asteburuan, berriro ere, borrokatu behar izatea gogorra da. Baina nik uste, momentu oro, gogor aritu garela.

Taldean gustura sentitu al zara?
Bai, oso gustura. Futbol zelaian ez ezik, kanpoan ere familia bat gara eta horrek asko lagundu digu momentu txarretan ekipo bat izan eta aurrera egiten.

Datorren urteari begira, hobetzeko puntuak identifikatu al dituzue?
Nik uste astebururo irabaztera joan behar dugula. Zer nahi dugun argi eduki eta talde guztiak, jolasten ari direnek nahiz kanpoan daudenek, emaitza etxean geratzeko edo etxera eramateko borrokatu egin behar dugu. Helburua, mailaz igotzeko, asteburuz asteburu, ahalik eta puntu gehien lortzea izango da.

Orain deskantsuan zaudete. Atsedena ere denboraldiaren parte izango da, ezta?
Egia esan niri zail egiten zait gelditzea. Oso aktiboa naiz eta beti ibiltzen naiz gora eta behera korrika; baina bai, atsedena oso garrantzitsua da eta batez ere, buruarentzat. Denoi ondo etorriko zaigu deskonektatzea, deskantsatzea, lagunekin eta familiarekin egotea… Hala ere, hurrengo denboraldia goiz hasiko dugu, uztailaren 10ean.

Aurten, gainera, kategoria berria egin dute eta lehia gogorra izango da. Lehen, bigarren maila bi taldetan zegoen banatuta; orain, ordea, mutiletan bezala, bateratu egin dituzte.

Datorren urtean Eibarren jarraitzeko asmoa al duzu?
Hori oraindik ez da gauza segurua. Baina Eibarren gustura sentitu izan naiz eta espero dut urte askoan jarraitzea bertan.

Argazkia: @anecampos8

Lotutako albisteak: