Indarkeria matxistaren aurrean Gipuzkoak “zero tolerantzia” duela azalduz, Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta lurraldeko 27 alkatek eta 22 zinegotzik, adierazpen publiko bat irakurri zuten joan den asteartean. Getariako udal ordezkari modura, Ane Loidi Ongizate zinegotzia ere bertan izan zen. Adierazpenean azaldutakoaren arabera, datozen hilabeteetako hiri, herri eta auzoetako jaiei begira, festak emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gozamen eta ospakizun gune izan daitezen “konpromiso partekatua” hartu dute. 

Aldundiak eta udalek argitaratutako adierazpena Berdintasunerako Foru Organoak sustatutako lan prozesu baten emaitza izan da. Izan ere, azken hilabeteotan, hainbat aditurekin batera, udaletako ordezkari politikoek eta teknikariek hainbat lan jardunaldi egin dituzte. Beste zenbait gauzen artean, jaietako sexu indarkeriaren ezaugarriei buruz gogoeta egin dute eta sexu erasoei aurre egiteko garatu behar diren prebentzio, arreta eta erantzun publikoko politikak landu dituzte. 

Eraso horiek “egiturazko indarkeria testuinguruan, puntualki gauzatzen den indarkeria matxista” direla argudiatu dute; hau da, “eraso horiek ez ditu festa giroak eragiten, baizik eta giro hori erasoa egiteko aitzakiatzat hartzen da”. Hala, udalek eta Aldundiak jaien antolaketan, sentsibilizazioan eta prebentzioan, biktimentzako arretan eta erasoen aurkako erantzun publikoan “politika argiak” ezartzeko konpromisoa hartu dute.

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia