Salbatore Jaiak gero eta hurbilago dauden honetan eta indarkeria matxistari planto egin asmoz, Getariako Udalak eta Mariñak Talde Feministak, elkarlanean, hainbat ekimen jarri dituzte abian. Alde batetik, Autodefentsa feminista ikastaroa antolatu dute. 14 urtetik gorako emakumeei zuzendutako doako tailerra izango da eta plaza kopurua mugatuta egongo da. Ikastaroa Ulpiano aretoan egingo dute uztailaren 16an, larunbatarekin, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era. Parte hartu nahi duenak, uztailaren 10a bitartean, Getariako Turismo Bulegoan eman beharko du izena. Izen-ematea turismo bulegoan bertan (egunero 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara), telefono bidez (943 140 957) edo infoturismo@getaria.eus posta elektronikora mezu bat bidalita egin daiteke.

Bestalde, Salbatoretan, zehazki, abuztuaren 5ean eta 7an, formazio eta ikerketa feministan aditua den Emaginen Elkarteak informazio puntua jarriko du Harritarten. Elkarteko bi kideren eskutik, herritarrek izan ditzazketen kezkei eta galderei erantzuten eta informazioa zabaltzen arituko dira. Azkenik, eraso matxista bat prebenitzeko, identifikatzeko eta lehen arreta emateko, herriko tabernetarako eta txosnetarako gida bat landu dute. Udaletik azaldu dutenez, gidak “heman beharreko lehen pausoak zeintzuk izan daitezken” adierazten du.

Getariako Udalak, Gipuzkoako udalerrietako udalekin batera, Foru Aldundiak burutu berri duen hausnarketa prozesuan parte hartu du. Bertan, jaiak emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gune bihurtzeko ahal den guztia egiteko konpromiso partekatua berretsi dute guztiek. Hala, Getariako udalak herritarrei dei egiten die indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko konpromiso aktiboa hartzera, “gure herriko jaiak eta ekitaldiak indarkeria matxistarik gabeko ospakizun gune izan daitezen, eta haietan emakumeek askatasunez goza dezaten aisialdiaz, ospakizunez eta harremanez”.

Argazkia: Getariako Udala

 

Lotutako albisteak: