Elkano Fundazioaren, Albaolaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Euskal Itsas Museoak argitaratu berri duen lana da Elkano eta Euskal Herria. Nola egin zen posible lehen mundu bira. Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturalaren testuinguruan, gaur goizean aurkeztu dute liburua Donostian. Bertan izan dira, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendaria, Rafa Zulaika Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzailea eta Xabier Agote Albaolako zuzendaria.

“Liburu honek Euskal Herriak, itsas herri horrek, munduari lehenengo bira eman ahal izateko egindako funtsezko ekarpenak biltzen ditu; herritar gehienek aldez aurretik entzun gabeko gertakariak bildu ditugu”, azpimarratu du Alberdik. Zulaikak gogorarazi duenez, azken hiru urteetan berreskuratutako ezagutzan oinarritzen da argitaratu berri duten liburua: “Fundazioan lan gogorra egin dugu hiru urteren buruan Elkanori, bidaia horri eta garai hartako euskal testuinguruari buruz 2019an genekiena baino gehiago jakiteko. Orain, informazio hori guztia gizarteratu egin behar dugu formatu desberdinetan, mota guztietako publikoak horren berri izan dezan”.

Liburuak, besteak beste, honako gaiak jorratzen ditu: euskal ontziteriak Mendebaldean zuen nagusitasuna, Magallanes-Elkano espedizioan zeuden interes geoestrategiko nagusiak eta Sevillako Kontratazio Etxeko euskaldunen arteko harremana. Horrez gain, kapitulu batek euskal itsasontzien teknologia du hizpide. Amaitzeko, Getariako kapitainaren eta haren zientzia- eta kultur-legatuan sakontzen du argitalpenak.

Liburua euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez nahiz frantsesez dago eskuragarri. 3.000 ale argitaratu dituzte eta, jada, salgai daude hamar eurotan, Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturaleko informazio puntuan, Euskal Itsas Museoko dendetan eta Albaola Itsas Kultur Faktorian.

Elkano Itsas Herriaren ibilbidea Gipuzkoan

Bihar, uztailaren 1ean, Bizkaiko kostaldea zeharkatu ondoren, Gipuzkoara itzuliko da Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturala; ekimenaren baitan, nola ez, baita Juanita Larando ontzia ere. Asteburuan, Mutrikun lehorreratuko da eta ondoren, Deba-Itziar, Zumaia, Orio eta Hondarribia bisitatuko ditu. Gero, Lapurdirantz jarraitu eta Hendaiako nahiz Azkaineko portuetara iritsiko da. Abuztuan, atsedena hartuko du eta irailaren 6an, Elkanoren Egunaren programazio bereziaren harira, Getarian porturatuko da. Jarraian, Donostiako Euskal Jaietan geldialdia egin eta hortik aurrera, ibilbidearen azkeneko zatia Lapurdin zehar egingo du; Ziburu eta Donibane Lohitzune bisitatuko ditu Ondarearen Europako Jardunaldietan.

Bisitatutako udalerrietako plazetan, mota guztietako jarduerak egingo dituzte eta horietan, itsas kulturan jarriko dute arreta. Gainera, Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturala erakusketa ibiltari batekin osatzen da. Erakusketak gai desberdinetako blokeak ditu eta itsas kulturak euskal gizartearen garapenean izan duen garrantzia azpimarratzen du.

Argazkia: Elkano Fundazioa

Lotutako albisteak: