Pirinioetako Bidea ekimenaren antolatzaileek, 50 lagun batzeko erronka luzatu zieten getariarrei eta herriko Gure Esku dinamikako arduradunek hedabide honi adierazi diotenez, helburua lortu dute: “Guztira, 54 lagunek eman dute izena. Beraz, ezarritako helburua lortu dugu”. Hala ere, gogorarazi dute oraindik zabalik dagoela izen-emateko aukera –ekimenaren webgunean eman daiteke izena–.

Bihar, uztailaren 2an, beraz, erabakitzeko eskubidearen alde, Ibanteli mendia argiztatuko dute 50 getariar baino gehiagok; 698 metroko mendia da, “oro har, zailtasun gutxikoa”. Autobusa jartzeko aukera aztertu ostean, kostuak tarteko, kotxeetan joatea erabaki dute parte hartzaileek: “17:00ak aldera irtengo gara Getariatik Etxalarrera. 20:00etan, mendi magalean elkartu eta 20:45ean tontorrean egotea aurreikusten dugu”.

Gure Esku dinamikak eta Kataluniako hainbat entitate sozialek, elkarlanean, martxan jarritako ekimena da Pirinioetako Bidea. Orotara, Euskal Herriko nahiz Kataluiniako herritarrek 300 gailur baino gehiago argiztatuko dituzte.

 

Lotutako albisteak: