Getariako Udalak martxan jarri du Elkano Mundubira espazioa izeneko proiektua gauzatzeko esleipen prozesua. Lan horien aurrekontua 246.366,12 eurokoa da. Udaletik jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, 2019az geroztik ari dira idazten alde zaharrean dagoen XVI. mendeko Zarautz Jauregia “birgaitzeko eta erabilera publikora egokitzeko” proiektua.

Oinarrizko Proiektuak Jaurlaritzaren eta Aldundiaren babesa lortu du eta aurkeztutako proposamenak ekipamentu berri bat eraikitzea aurreikusten du. Elkano Mundubira espazioak “Elkanoren irudia eta munduaren lehen itzuliaren historia modu erakargarrian erakusteko leku bat izan nahi du, iraunkortasun-irizpideekin diseinatua eta kultura-aniztasuna errespetatzen duten egungo balioak kontuan hartzen dituena”, azaldu du udalak.

Aurreikuspenen arabera, eraikinak lau solairu izango ditu: “Behe-solairuan turismo-bulegoa egongo litzateke, Getariako historiari eta monumentuari eskainitako interpretazio-elementuekin osatuta; lehenengo solairua Elkanoren irudiari eta euskal itsas ondareari buruzko gunea litzateke; bigarrengoan, Mundubira izango litzateke ardatza, bidaiaren gorabeherekin; Hirugarren solairua, berriz, hausnarketarako gunea izango litzateke, bidaia hark gaur egungo globalizazioan izan zituen eraginekin lotuta; eta, azkenik, laugarren solairuan, getariarrentzako erabilera anitzeko espazio bat egongo litzateke, askotariko tailerrak, hitzaldiak edota erakusketak egiteko”.

Horrez gain, proiektu museografikoa idatzi eta zuzentzeko esleipena aterako da datozen egunetan. Egitasmo horretara 68.197,37 euroko diru poltsa bideratuko du udalak.