Pasa den asteburuan, aurreikuspen guztiak apurtu eta emaitza bikainak lortu ditu Getariako traineruak. Eusko Label Ligako estreinako bi jardunaldietan lan ikaragarria egin eta maila oso altua erakutsi dute getariarrek. Hala, 14 punturekin, sailkapen orokorreko bosgarren postuan kokatu da Esperantza, Urdaibai baino lau puntu gutxiagorekin eta Zierbena baino bat gehiagorekin.

Larunbateko Bilboko estropada arrauneko maila gorenean jokatzen zuen lehena izan zen Getariako taldearentzat. Ligako 12 ontziak erlojuaren aurka aritu ziren norgehiagokan eta Kaikuren atzetik, getariarrak izan ziren estatxa askatzen bigarrenak; beraz, erreferentzia askorik gabe uretaratu, horrek dauzkan alde on eta txar guztiekin. Lan izugarria egin zuten eta 20:16,68ko denbora eginez, zazpigarren lekua eskuratu zuten.

Igandean, berriz, Donostian, Kontxako Badian, eduki zuten denboraldiko bigarren hitzordua eta zaila izan arren, bezperan lortutakoa gainditu zuten. Getariarrak bigarren txandan irten ziren, Urdaibai, Cabo de Cruz eta Santurtzirekin batera. Lehenengo bi luzeetan borroka estua eduki zuten Urdaibaikoekin; aurrenengo ziaboga bizkaitarrek baino lehenago hartu zuten bigarrengorako, ordea, Urdaibaik aurre hartu zion. Hala ere, amaierara arte gogor aritu ziren arraunei tiraka eta sailkapen orokorrean, 21:06,09 denborarekin, bosgarren lekua lortu zuten.

Datorren asteburuan beste bi jardunaldi izango dituzte; horiek gainera, urrun, Coruñan (Galizia). Denboraldia oraindik hasi besterik ez da egin eta datozen bi hilabeteetan, edozer gerta daiteke. Getariarrek, ordea, hasiera bikaina eman diote sasoiari. Orain, lanean jarraitu beharko dute, baina asteburuak utzitako zapore gozoarekin errazagoa izango da, ziur.

Argazkia: Aitor Arrizabalaga