Uztaileko lehenengo egunekin batera, gaur hasi dira Urritza Aisialdi Taldeak antolatutako udaleku irekiak. Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, “normaltasun” osoz egingo diren lehengoak izango dira. Aurtengoan, talde handiagotan eta askatasun gehiagorekin gozatu ahal izango dute udalekuez herriko haurrek.

Orotara, 200 ume baino gehiagok eman dute izena. Gaur hasi eta uztailaren 29ra arte, astelehenetik ostiralera, egunero elkartuko dira. 09:30etik 13:00etara, aisialdia eta heziketa uztartuz, herriko txoko desberdinetan hainbat ekintza egitan arituko dira.

Gaztelekua ere egunero eta goizez

Horrez gain, Katxopa Gaztelekua ere gaur hasi da udako ordutegiarekin. Hala, astelehenetik ostiralera, goizetan, egunero egongo da zabalik eta herriko gaztetxoei zuzenduta, jarduera ugari egingo dituzte –asteburutan itxi egingo dute–. Gaur bezala, eta eguraldiak lagunduz gero, ekintzak kalean egingo dituzte. Abuztuan, berriz, oporrak hartuko dituzte eta itxita egongo da.