Esazu hitz bat izango da datorren azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldiaren ereserkia. Xabier Zabala musikariak jarri dizkio notak abestiari eta hitzak Andoni Egañarenak dira. Ahotsa, berriz, Aiora Renteriak, Pettik, Maddalen Arzallusek, Ainhoa Larrañagak eta Andoni Egañak jarri diote.

Hirugarren edizioaren leloa Hitzez ekiteko garaia izango da. Duela bi urte egin modura, aurten ere ahobiziak, belarriprestak eta ariguneak egongo dira eta helburua herritarren hizkuntza ohituretan eragitea izango da. Getarian egindako Euskaraldiko dinamizatzaileen aurkezpenean Kike Amonarrizek azaldu zuenez, aurtengoan, “Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzea” izango dute xede, alegia, norbanako eta entitate bakoitzak “aurreko bi edizioetan lortutakoa bistaratzea eta gizarteratzea eta hemendik aurrera zein urrats eman behar diren zehaztea”.

Maiatzaren 18az geroztik entitateen izen-ematea zabalik dago. Norbanakoena, berriz, irailaren 29tik aurrera irekiko dute.

Euskaraldiko batzordearen bilera

Getarian ere osatu dute Euskaraldiko batzordea eta taldera batu nahi duen edonorentzat ateak zabalik dituzte. Hurrengo bilkura datorren astelehenean, uztailaren 11n, izango da, Alondigan, 19:00etatik aurrera.

 

Lotutako albisteak: