Joan den igandean, uztailaren 3an, Itsaso Legorburu getariarrak kenpo kai modalitateko gerriko beltza eskuratzeko azterketa egin eta gainditu du. Legorbururen hitzetan, azken asteotan, bereziki, azterketa horretarako prestatzen aritu da. Kenpo kaian, kategoria gorena adierazten duen gerrikoa da beltza. Gerriko beltzaren baitan, ordea, hamar dan edo maila daude; Legorburuk lehenengo dan-a lortu du.

Getariarrak azterketaren nondik norakoak azaldu ditu: “Hasieran, denok batera, bi kata egin genituen. Gero, Juhoa eta jarraian, katanarekin (ezpatarekin) kata bat egin genuen. Ondoren, harri bat eta egur bat puskatu behar izan genituen eta bukatzeko, konbate bat egin”. Legorbururekin batera diharduen herrikideak, Judith Lazkanok, ez zuen parte hartu igandeko azterketan –gerriko beltza lortzeko hurrengo azterketa abenduan izango da–.

Kenpo Kaiko Munduko Txapelketa bertan behera geratu izan ez balitz, abuztuan Japoniara joatekoak ziren bi getariarrak. Aurten, Munduko Txapelketarik ez, baina bestelako txapelketetan parte hartzeko asmoa dutela aurreratu du Legorburuk.

Gerriko beltzari esker, hemendik aurrera, besteak beste, kenpo kaiko irakasle lanak egin ahalko ditu Legorburuk. Horren harira, 2022-2023 ikasturtean, umeentzako kenpo kai klaseak antolatzeko asmoa dutela adierazi zion getariarrak ARTZAPEri duela aste batzuk; ordurako, zenbait umek izena emana zuten ikastaroan.

Argazkia: Getaria Kenpo-kai

 

Lotutako albisteak: