Eusko Label Ligako hirugarren eta laugarren jardunaldiak jokatzen, asteburuan, Galizian izan dira getariarrak; arraunlariak ez ezik, baita zaletu ugari ere. Larunbatean eta igandean estropada bana egin zuten Coruñako uretan eta, bigarren asteburuz jarraian, erakustaldi ederra egin zuten Getariako arraunlariek. Larunbatean, bosgarren postua eskuratu zuten eta igandean seigarrena.

Larunbatean, Kaikuko, Caboko eta Zierbenako ontziekin batera, bigarren txandan irten zen Getaria. Aurrenengo luzean, Bizkaitarra jarri zen estropadaren buru eta lehenengo ziabogara Esperantza baino segundo bat lehenago sartu zen. Bigarren luzean, ordea, getariarrek abantaila hartu eta sestaotarrei aurre hartu zieten. Hala, lehenengo postuan mantendu ziren estropada amaitu bitartean. Kaiku izan zen helmugaratzen bigarrena, Esperantza baino bederatzi segundo geroago.

Hurrengo egunean, estropada eremu berean aritu ziren lehian. Bezperan lortutako postuak medio, getariarrekin batera, bigarren txandan, Lekittarra, Kaiku eta Ares irten ziren. Larunbatean bezala, Bizkaitarra izan zuten arerio nagusi. Lehenengo bi luzeetan parez pare aritu ziren arraunean, denbora berdina markatuz. Bigarren ziabogatik aurrera, ordea, Kaiku jarri zen estropadaren buru eta halaxe amaitu zuten estropada. Getariarrek, Kaikurengadik bi segundo pasatxora, bigarren egin zuten.

Sailkapen orokorrari dagokionez, 29 punturekin, bosgarren postuan jarraitzen du Esperantzak. Aurretik, 41 punturekin berdinduta, Hondarribia eta Orio ditu, hurrenez hurren. Atzetik, bost puntuko aldearekin, Kaiku. Lehiak datorren asteburuan jarraituko du; larunbatean, 18:13an hasita, Orion eta igandean, 12:13tik aurrera, Zierbenan.

Argazkia: Aitor Arrizabalaga (Eusko Label Liga).

 

Lotutako albisteak: