Oporrak Bakean programari esker, urtero-urtero, pandemia garaian izan ezik, Saharako adin txikiko herritarrek udara gurean igarotzeko aukera izaten dute. Bi urteko etenaren ostean, aurtengo edizioa berezia izango dela jakinarazi du Espainiako Saharako Ordezkaritzak: “Osasun egoeragatik, programarekin aurrera jarraitzea erabaki den datagatik eta azkenik, Espainiaren eta Mendebaldeko Sahararen arteko egoera politikoagatik”.

Ordezkaritzatik gogorarazi dute, hasieratik, prozesu guztia atzeratu egin dela: “Espainiako Ministroen Kontseiluak programaren jarraibideak berandu onartu ditu eta haren argitalpena Espainiako Aldizkari Ofizialean ere atzeratu egin da”. Horrek guztiak dagozkien gobernu txostenak lortzea atzeratu diete egitasmoa antolatzen duten elkarteei.

Kontu administratiboengatik, adin txikikoen bisak lortzeko Espainiako Gobernuak eman beharreko txosten guztiak ez dituzte eskuratu elkarteek. Horien faltan, hegaldiak oraindik ezin izan dituzte antolatu. Saharar ordezkaritzak adierazi du hegaldi berean, autonomia erkidego desberdinek harreran hartuko dituzten haurrak etorriko direla. Ondorioz, hegaldia partekatuko duten umeak jasoko dituzten erkidego guztiek beharrezko txostenak eman eta gero baimenduko dute hegaldiaren iritsiera.

Espainiako Saharako Ordezkaritzak lasaitasunerako deia egin die elkarte eta harrera familia guztiei eta baieztatu du, nola edo hala, aurtengo edizioa gauzatu egingo dela. Getarian ere bada harrera familiarik egoera argitu zain.

Garai gogorrak saharar herriarentzat

Oporrak Bakean ekimenaren sustatzaileen hitzetan, “bi urteren ondoren, Euskal Herriko plazak saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta hazi diren haurrez bete nahi ditugu”. Gaur-gaurkoz, sahararrek garai ilunak bizi dituztela nabarmendu dute; izan ere, pandemiaz gain, 2020ko azaroaren 13an, Maroko eta Sahararen arteko 30 urteko su etenari amaiera eman zitzaion.

Ordutik, saharar soldaduek “lotsaren harresia” babesten dirautela eta ia urte eta erdi luzatu den gerra horrek heriotzak eragin dituela nabarmendu dute. “Soldadu horiek Oporrak Bakean programan parte hartzen duten haurren aita, anai edo senide dira; baina baita orain dela urte batzuk gure herrietan harreran egondako haurrak ere”, azaldu dute. Era berean, gerra horrek ez duela “interes mediatikorik” sortu eta komunikabideek ixilean mantendu dutela salatu dute.