ARTZAPE aldizkariko Txapakalezka atalaren sortzaileek joan den urrian jarri zuten martxan Bodegatik podcast saioa. Beñat Gerekak, Aitor Irigoienek eta Mikel Mujikak, “Aisterrazuko Mandiyotik Ximelen umore txorrotxa” lagun dutela, dagoeneko, zazpi saio egin dituzte – ARTZAPEren webgunean dituzue entzungai guztiak–. Orain artekoak, aurrez grabatutako emankizunak izan dira. Laukoteak, ordea, erronka berriak ditu gustuko eta, udako gau luzeetako bat aprobetxatuz, zuzeneko saioa egitera ausartu dira.

Bihar, uztailak 15, 21:30etik aurrera, Katrapunan izango dira eta dagoeneko prest dute saioko egitaraua. Alde batetik, arrauna gai nagusitzat hartuta, Maialen Aizpururekin, Ion Larrañagarekin eta Gaizka Gorostiagarekin Arraun tertulia egingo dute. Ondoren, Gure Txeruko kide diren Maria Elena Larrañaga eta Enekoitz Saizar izango dira mikroaren aurrean. Bere estreinako liburua, 72 ordu, plazaratu berritan, Kepa Iribar izango dute solaskide Literatura txokoan. Era berean, Ximon Aranguren eta Ximel bertsotan arituko dira eta Aitor Irigoienek Txapa azpitik atala egingo du. Horrez gain, nahi duenak hitza hartu dezan, mikro irekia izango dutela azaldu dute.