Landarbaso Abesbatzaren emanaldirako gonbidapenak bihar jarriko dituzte eskuragarri turismo bulegoan –Donostiako Musika Hamabostaldiak hiriburuan duen bulegoan ere eskuratu daitezke–. Getariako Udaletik ohartarazi dute, edukiera mugatuta egongo dela eta beraz, baita gonbidapen kopurua ere. Salbatore Jaietako lehenengo egunarekin batera, kontzertua abuztuaren 4an, ostegunarekin, 20:45ean hasita, izango da Salbatore Deuna elizan.

Udalaren laguntzarekin, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioan, zehazki, Musika aitzaki zikloaren baitan, antolatutako emankizuna da. Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean arituko da Landarbaso abesbatza errenteriarra. Eurekin batera, oholtza gainean izango dira Xabier Euzkitze bertsolaria eta Daniel Zulaika errezitatzailea.

Ikusentzuleek Maria itsasargia ikuskizunaz gozatzeko parada izango dute. Besteak beste, Sarasola, Elberdin, Guerrero, Esenvalds, Randall Stroope, Early eta Helvering konpositoreen lanak interpretatuko dituzte.

Argazkia: Landarbaso Abesbatza