Eusko Label Ligak aurrera darrai eta asteburuan, denboraldiko bosgarren eta seigarren jardunaldiak jokatu dituzte Orion eta Zierbenan, hurrenez hurren. Getariarrek bi estropadetan eskuratu dute denboraldirako ezarritako helburua; alegia, azken hiru postuak saihestea. Igandean, ordea, larunbatean baino emaitza hobearekin lortu zuten euren xedea.

Larunbatekoa ez zen Esperantzaren estropadarik onena izan, ezta gutxiago ere. 20:59,76ko denbora markatuz, bere txandan hirugarren egin zuen, Zierbenaren (20:45,30) eta Kaikuren (20:46,14) atzetik. Jon Elortegiren mutilak lehen minutuetatik jarri ziren estropadaren buru eta gertutik jarraitu arren, Bizkaitarrak ezin izan zien aurre hartu. Luzetik luzera, getariarrekiko zuten tartea handitzen joan zen; azkenerako, 14 segundoko aldea atera zion Zierbenak Getariari.

Gainera, lehenengo txandako bi ontzik, Lekittarrak eta Ondarroak, etxeko mutilek baino denbora hobea egin zuten. Hala, sailkapen orokorrean, getariarren aurretik kokatu ziren. Ondorioz, Esperantzak bederatzigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Igandean, berriz, egoerari buelta eman eta estropada ederra egin zuten getariarrek. Santurtzirekin, Aresekin eta Caborekin batera, lehenengo txandan irten eta nagusitasunez gailendu ziren. 20:09,90eko denborarekin, Aresi, txandako bigarrenari, 16 segundoko aldea atera zion Getariak. Hori gutxi ez eta bigarren txandako guztiek baino denbora hobea egin zuten. Hala, asteburu gogor baten ostean, bosgarren postuarekin etxeratu ziren getariarrak.

Sailkapen orokorrean, bosgarren

41 punturekin, sailkapenaren erditik gora dago Esperantza; hain justu, bosgarren lekuan. Atzetik, hiru puntuko tartearekin, Kaiku dauka; aurretik, berriz, 19 puntuko aldearekin, Orio. Sailkapenean buru, Donostiarra dago, 66 punturekin eta Cabo da azkena, 13 punturekin.

Patroi onenaren sailkapeneko lehenengo bi postuetan bi herrikide daude: 61 punturekin, Ander Etxegoien, Orioko traineruko patroia eta 52 punturekin, Unax Eizagirre, Esperantzakoa.

Dagoeneko, osatu dute denboraldiaren ia herena eta herriko arraunlariak lan ikusgarria ari dira egiten. Datorren astean beste bi hitzordu izango dituzte Eusko Label Ligako traineruek; larunbatean, Sestaon eta igandean, Santurtzin.

Argazkia: Aitor Arrizabalaga (Eusko Label Liga)

Lotutako albisteak: