Denboraldi erdia gero eta hurbilago duten honetan, Ligako zazpigarren eta zortzigarren jardunaldietan, Esperantzak nahi baino emaitza xumeagoak lortu ditu. Sailkapen orokorrean bi postu behera egin ditu eta, 47 punturekin, zazpigarren kokatu da. Alde txikiarekin, seigarren lekuan, Zierbena eta bosgarrenean, Kaiku daude –48 eta 52 punturekin, hurrenez hurren–. Getariarren atzetik, berriz, 32 punturekin, santurtziarrak daude zortzigarren postuan.

Larunbateko jardunaldia Sestaoko uretan lehiatu zuten. Estropada ederra egin zuten getariarrek eta lehia oso estua izan zen; zortea, ordea, ez zuten lagun izan. Euren txandan, bi segundoren barruan, hiru ontzi ia batera heldu ziren helmugara. Eginbeharrak amaitzen lehena Zierbena izan zen (19:58,72), bigarrena Kaiku (19:58,74) eta hirugarrena Getaria (20:00,74). Gainera, alde oso txikiarekin hau ere baina, Esperantzaren aurretik sailkatu zen lehenengo txandan aritu zen Cabo (19:59,58). Ondorioz, Ion Larrañagaren mutilak zortzigarren postuarekin etxeratu ziren.

Igandean, estropada eremua Santurtzira lekualdatu zen eta lehia bezperan bezain estua edo estuagoa izan zen. Bigarren txandan, segundo pasatxoko tartean, hiru traineru helmugaratu ziren. Txandako bizkorrena Kaiku (20:24,66) izan zen, bigarrena Cabo (20:30,42), hirugarrena Zierbena (20:31,08) eta azkenik, Getaria (20:31,64). Lehenengo txandakoek ere oso estropada txukuna egin zuten eta horietatik hiru getariarren aurretik sailkatu ziren: Ondarroa (20:30,28), Santurtzi (20:28,82) eta Ares (20:20,22). Ondorioz, sailkapen orokorrean 11. lekuan amaitu zuen Esperantzak.

Euskadiko Txapelketan bosgarren

Getariarrentzat asteburua luzea eta neketsua izan da. Izan ere, Eusko Label Ligako bi estropadez gain, Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu dute. Jarraian jokatzen zuten hirugarren estropada izanik ere, getariarrak gogotsu eta indartsu uretaratu ziren eta jardunaldi oso polita egin zuten. Atzokoan, beste zazpi trainerurekin batera, Lekeitioko uretan egin zuen arraun Esperantzak.

Itsasoa bizi zebilen eta ontzien arteko aldeak nabarmenak izan ziren. Getariarrak lehengo txandan irten ziren, hain justu, hirugarren kaletik. 21:41,31ko denbora markatuz, Orioren (21:13,39) atzetik, bigarren egin zuen Esperantzak. Sailkapen orokorrean, berriz, bosgarren geratu zen, Zierbenako (21:40,50) traineruarengandik oso gertu. Estropada itzela eginda, Urdaibaik (20:55,22) irabazi zuen bandera eta Orio (21:13,39) eta Donostiarra (21:26,62) izan ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sailkatuak.

Emakumezkoetan, berriz, lehenengo txandan irten zen Arraun Lagunak-ek aise lortu zuen bandera. Donostiarrek erakustaldi ederra egin zuten eta bigarren sailkatuari, Oriori, hamazazpi segundo pasatxoko aldea atera zioten. Hondarribiarrak izan ziren hirugarren sailkatuak.

Argazki nagusia: Aitor Arrizabalaga (Eusko Label Liga)

 

Lotutako albisteak: