Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Bista Onan aurtengo Salbatore Jaietako egitaraua. Bi urteko etenaren ostean, salbatoreetarako “ilusioz eta gogoz” daudela aitortu du Itziar Larrañaga Euskara eta Kultur zinegotziak. Abuztuaren 4tik 8ra, bost egunetan zehar, festak ez du etenik izango. “Gure asmoa izan da adin guztiengana eta herriko txoko desberdinetara iristea”, gaineratu du Larrañagak. Horregatik, publiko desberdinari zuzendutako ikuskizunak prestatu dituzte eremu ezberdinetan, besteak beste, Balenciaga Museoaren kanpoaldean eta Aldamar Parkean. Turismo bulegoan, gaur arratsaldetik aurrera jarriko dute eskuragai festetako programa.

Udaleko eta Festa Batzordeko ordezkariez gain, herriko eragile desberdinetako kideek parte hartu dute aurkezpen ekitaldian. Larrañagaren hitzetan, “bolondres lanarekin festa asko ateratzen dira aurrera eta lan hori eskertzekoa da. Bolondresik gabe, festa hauek ezingo lirateke horrela egin, beste era batera egin beharko lirateke”.

Aurreko urteko jaiekin alderatuta, aurtengoan ez da gorabehera askorik izango. Hala ere, aldaketa aipagarrienak azaldu dituzte. Alde batetik, Marmitako Txapelketa asteburutik astelehenera pasa dute: “Hilaren 7a, Arraun Eguna izango da. Herriko arraunlariak iaz kategoriaz igo ziren, TKE Ligara, eta protagonismoa eman nahi zitzaien. Egun hori garrantzitsua iruditzen zitzaigun arraunlarientzat eta mundu horretan mugitzen garen guztiontzat. Marmitako Txapelketa beti jartzen da asteburuan, baina ez genuen tarterik bilatzen”, dio Larrañagak. Bestalde, orain hiru urte estreinakoz egin modura, bandera igoerarekin batera omenduko dute hautatutako herriko eragile edo kolektiboa: “Aurten protagonismoa emakumeei eman zaie eta egun aktibo dauden arrantzaleen bikoteek igoko dute bandera –guztiak emakumeak izango dira–”, dio Euskara eta Kultur zinegotziak. Zentzu horretan, emakumeei, oro har, egiten zaien aitortza izango dela gaineratu du Ane Loidi Ongizate zinegotziak.

Horrez gain, Emagin Elkartearen eskutik, 5ean eta 7an, informazio puntua jarriko dute Harritarten. Udalak eta Getaiko Mariñak Talde Feministak, elkarlanean, sustatutako ekimena izan dela azaldu du Loidik eta urte osoan zehar, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan egindako lanketaren baitan kokatu du. Gainera, “prebentzio modura aurre lan bat egin dugu. Orain gutxi, autodefentsa ikastaro bat egin zen eta gero, gida bat sortu dugu festetan, tabernetan eta txosnetan jartzeko, indarkeria matxistaren aurrean zer egin genezaken, nola jokatu behar dugun… jakiteko”.

Txosnagunea

Festa Batzordeko kide diren Itxaso Legorburu eta Izar Urrestik azaldu dutenez, aurtengoan txosna bakarra jarriko dute. “Orain arte bi txosna egon izan dira, Festa Batzordearena eta euskal presoen aldekoa. Baina aurten, presoen aldekoek ez dute jarriko” azaldu du Legorburuk. Horrez gain, txosna alboan, SOS Herritarrak dinamikako kideek ogitartekoak egingo dituztela gaineratu du.

Abuztuaren 5ean, 12:00etan, bertso-saio batekin egingo dute txosna irekiera eta segidan, V. Paella Txapelketari emango diote hasiera. Ondoren, “beti bezala, herri-bazkaria egingo dugu eta gero, jolasak eta musika”, dio Urrestik. Berrikuntza modura aipatu dituzte, hilaren 8an, Ximelek egingo duen bakarrizketa eta gaupaseroen txaranga. Horrez gain, aurten, 06:00ak arte egongo dira zabalik txosnak.

Batzordean lagun gutxi daudela eta festarekin aurrera egiteko, herritarren laguntza ezinbestekoa dela nabarmendu dute; txosnetako txandak egiteko, herri bazkarian mahaiak jartzeko… Urrestiren hitzetan, “5-6 kide gaude eta aurretik gauzak prestatzeko eta erabakitzeko, agian, ondo dago baina gero, festetan, pertsona gehiago beharko dira”.

Jarraian, festetako programazio osoa:

FESTEN ATARIAN

Uztailak 30, larunbata

  • 09:00-13:30: I. Herri Ginkana.
  • 18:30ean: Frontoian, Haurren Binakako Esku Pilota Txapelketa VII. Elkano Saria. Finala.

Uztailak 31, igandea

  • 18:30ean: Frontoian, Eskuz Binakako Emakumezkoen IV. Elkano saria. Finala.
SALBATORE JAIAK 2022

Abuztuak 4, osteguna, Gazteen Eguna

  • 11:00etan: Paella Lehiaketa, txosnagunean.
  • 12:00etan: Txosnaguneko txupinazoa eta irekiera, Libe Goenaga eta Danel Olano herriko bertsolariekin.
  • 14:30ean: Gazteen herri-bazkaria, Harritarten.
  • Jarraian: Txosnagunetik abiatuta, kuadrillen arteko jolasak Heriotzaren Karrotxarangak lagunduta, kalez kale, eta I. Kaña karrera.
  • 20:45ean: Musika Hamabostaldiko Musika Aitzaki zikloaren barruan, Landarbaso Abesbatza, Salbatore Deuna elizan.
    *** Gonbidapenarekin.
  • 23:00etan: Txosnetan, kontzertuak: The Lio, Occhi di Farfalla, Intzak Hik!

Abuztuak 5, ostirala, Haurren Eguna 

  • 10:00-12:00: Haur-parkea, frontoian, Berdura plazan eta Harritarten.
  • 12:00etan: Jaiei hasiera emateko haurren txupinazoa udaletxeko balkoitik
  • Jarraian: Getariako buruhandiak, Gazte Alaiak txistulariekin, herriko kaleetan zehar ibiliko dira.
  • 16:00-19:00: Haur-parkea, frontoian, Berdura plazan eta Harritarten.
  • 18:30ean: Aiama, Artelatz-gunean, museoaren ondoan.
    Musika latindarra, brasildarra, jazz eta errezitatutako proba urbanoaren arteko fusioa.
  • 20:00etan: Euskorleans Dixie Bandaren emanaldia, kalez kale.
  • 21:00-00:00: Gau irekia, Cristobal Balenciaga Museoan.
    Erakusketak gauez bisitatzeko aukera, Arima Soul & Dj Makala zuzeneko musikaz girotuta. Sarrera doakoa izango da (azken sarrera, 23:15ean).
  • 23:00etan: Txosnetan, kontzertuak: Onlifly, Ezinegon, La Rekba.
  • 23:00etan: Laket taldearekin dantzaldia, plazan.
  • 00:00etan: Ikurrinaren goratzea eta txupinazoa. Arrantzaleen bikoteek igoko dute bandera, herriko abesbatzak eta musika bandak lagunduta.
  • Ondoren: Laket taldearekin dantzaldia, plazan.

*** 19:00-21:00: Indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea. Emagin-en postua Harritarten, Erasorik gabeko jaien alde.

 

Abuztuak 6, larunbata, Salbatore Deunaren Eguna 

  • 09:30ean: Getariako Musika Bandaren diana.
  • 11:00etan: Meza nagusia, Getariako Abesbatzak abestuta.
  • 12:30ean: Ohorezko aurreskua, udaletxe aurrean.
  • 12:45ean: Getariako Musika Bandaren kontzertua, Harritarten.
  • 13:45ean: Euskal Selekzioaren aldeko 20. Mendi Martxari ongi etorri ekitaldia, plazan.
  • 17:00etan: Padel Txapelketako finalak, kiroldegian.
  • 17:30ean: Eskuz Binakako XXIIII. Salbatore Pilota Txapelketako finalak, frontoian, Gure Txeruk antolatuta.
  • 18:00etan: Kantu Kolore plazan.
  • 19:00etan: Txosnetan bakarrizketa saioa, Aitor Arregi “Ximel”ekin.
  • 20:00etan: Broken Brothers Brass Band, kalez kalez.
  • 22:30ean: Zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00etan: Txamukos mariatxiak, plazan.
  • 23:00etan: Gozo-gozo taldearekin erromeria, txosnetan.

Abuztuak 7, igandea, Arraunaren Eguna

  • 09:30ean: Gazte Alaiak txistulariekin diana.
  • 11:00etan: Herriko trikitilari eta panderojoleen kalejira, plazatik moilara.
  • 11:40etan: Euskotren eta Eusko Label Ligako estropada: XIII. Getariako Ikurriña – 500. Urteurrena Saria.
    *** Pantaila erraldoia frontoian eta portuan, estropada ikusteko.
  • 12:00etan: Hegaluzea parrilan, moilan eta frontoian.
  • 12:00etan: Incansables txaranga, kalez kale, moilatik abiatuko da.
  • 16:30ean: VIII. Patata Tortilla Txapelketa (14-18 urte).
  • Ondoren: Getariako buruhandiak, herriko kaleetan zehar ibiliko dira.
  • 18:30ean: Etxera bidea gertu ekimena: Sokartean, Txabeli Sierrak eta Maitane Ezpeletak osaturiko biolin eta gitarra duoaren emanaldia, Aldamar parkean.
  • 19:45ean: Elektrotxorongo Elektrotxaranga, txosnetatik abiatuta kalez kale.
  • 22:30ean: Gozategi frontoian.
  • Jarraian: Soinuz Blai Getariako erromeria taldearen emanaldia, frontoian.

*** 19:00-21:00: Indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea. Emagin-en postua Harritarten, Erasorik gabeko jaien alde.

 

Abuztuak 8, astelehena, Kuadrillen Eguna

  • 08:00ean: Gaupasero txaranga. 
  • 10:00etan: Kuadrillen arteko XXIV. Marmitako Txapelketa.
  • 12:00etan: Kaiña-Bi trikifarra.
  • 13:30ean: Marmitako Txapelketako irabazleen aukeraketa, Berdura plazan.
  • 14:30ean: Harritarten, kuadrillen arteko herri-bazkaria.
  • Bazkalostean: Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Harritarten.
  • 17:30ean: Marmitako Txapelketako sari-banaketa
  • 17:30ean: Disko Arima, plazan, gaztetxoentzat.
  • 19:30ean: Kantujira Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin.
  • 22:00etan: Zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
    *Udalak zentzuz parte hartzera gonbidatzen zaituzte.
  • 23:00etan: Fan&GO taldearekin erromeria, plazan.
  • 00:00etan: Ikurrinaren jaitsiera eta festen amaierako traka,Getariako Musika Bandak lagunduta.
  • Jarraian: Fan&GO, plazan.
  • 00:30ean: Maixa eta Malakias DJak, txosnetan.
  • Ondoren: Karaokea.
Lotutako albisteak: