Itxaferoa jaurti zain hasi dute eguna gaur 100dik gora getariarrek. Izan ere, horixe zen, 09:30ean, I. Herri Ginkanaren hasiera markatuko zuena. Zazpi gunetan banatuta, jolaserako gogoa erakutsi dute herriko haur zein helduek.

Gaurkoak herrian oso errotuta dauden jarduerak, urte luzez egin baina galtzen ari direnak zein oraindik indar handirik ez dutenak praktikatzeko balio izan du. Areto futbolean aritu dira frontoian; eskubaloian, belan eta katamaranean Malkorben; boliñetan moilan; saltoka Amabirjinan eta goitik botatako txanpon bila altxerrian.

Bista Onan mimikaz nahiz marrazkiz hitzak asmatzen aritu dira, eta mural bat osatu behar izan dute eskuak eta oinak margotuta. Plazan, ETBko Bost baietz saioan baleude bezala jardun dute parte hartzaileak, besteak beste, herriko itsasontzien izenak asmatu, marradun emakumea bilatu edo NANa letra jakin batekin amaitzen zitzaien pertsona topatu behar izan dituzte.

Jarduera bakoitza bukatuta, pista bat jaso dute taldeek hurrengo gunera joateko. Hango ekintza ere itxaferoa jaurtitzearekin batera hasi da.

Antolatzaileak pozik agertu dira goizak emandakoarekin, mezu positiboak jaso dituztela adierazi dute. Hala ere, ikusi dituzte hobetzeko hainbat gauza. Iragarri dutenez, datozen egunetan asebetetze galdetegi bat bidaliko diete parte hartzaileei hobetu beharrekoak zehaztu eta datorren urtean zer egin erabakitzeko.