Pilotaz betetako asteburua izan da Getarian, izan ere, ostiraleko profesionalen Caixabank Masters txapelketako partidaz gain, haurren eta emkumezkoen Elkano Sariko finalak jokatu dituzte.

Larunbatean, VII. Haurren Elkano Saria amaitu zen, benjamin, kimu eta infantil mailetako finalekin. Benjaminetan, Aranburu/Egiguren eta Orozko/Juaristi bikotea lehiatu zen, eta lehenengoak irabazi zuen 16-11ko emaitzarekin. Getariar ordezkariak kimu mailan sartu ziren lehian, Gure Txeruko Aranburu/Bordagarai Ansola/Urrestillaren aurka aritu baitziren. Ezin izan zuten txapela eskuratu, ordea, Ansola/Urrestillak 16-6 irabazi baitzuen. Azkenik, helduenen mailan, infantiletan, Manex Alvarez getariarrak Etxanizekin jokatu zuen, baina herritarren animoa oihuak gora-behera, galdu egin zuen bikoteak Aldazabal/Juaristiren aurka. 7-18koarekin amaitu zen partida; emaitzak halakorik erakusten ez badu ere, partidaren erdialdera arte eutsi zieten Alvarez/Etxanizek azkoitiarrei, eta zenbait tanto leihatuak eta pilotakada askokoak izan ziren.

Igandean, berriz, emakumeen V. Elkano Sariako azken partidak jokatu ziren. Promesen partidak izan ziren lehenik, eta Zabaleta/Oskoz bikotea 22 eta 10 gailendu zitzaion Ibarrola/Barrocali. Hasieratik amaierara joan ziren aurretik gorriak eta aldea handitu zuten amaierara heldu ahala. Elite mailako partidan, azpimarragarria da belaunaldi berrien presentzia. Lehia bizia izan zen Iturriaga/Mendiburu eta Ruiz de Infante/Oses bikoteen artean; lehenak gailendu ziren 22-15ko emaitzarekin.

Salbatore Txapelketako finalerdiak

Asteburu honen ostean, oraindik ere bada pilotaz gozatzeko aukerarik herrian. Gaur eta bihar, 19:00etan hasita, XXIV. Salbatore Txapelketako finalerdiak jokatuko dira. Gaur, astelehena, jubenil mailan, Illarregi/Arroita eta Etxeberria/Aranburu bikoteak lehiatuko dira  eta 23 urtez azpikoetan, Yaniz/Gamboa eta Etxaniz/Eskuza. Bihar, asteartea, Uriarte/Calvo eta Sagardia/Apeztegia bikoteek jokatuko dute kadete mailan; Mikelarena/Agesta eta Sarasibar/Anduaga jubeniletan; eta Oskoz/Agirre eta Orbegozo/Aranburu 23 urtez azpikoetan.