Getariarrek hortzak erakusten jarraitzen dute. Aurreko asteburuko beheraldiaren ostean, arrauneko gorengo mailan duten lekua indartsu defendatu dute Eusko Label Ligako bederatzigarren eta hamargarren jardunaldietan. Hala, sailkapenean postu bat gora eginda, Zierbenari aurre hartu diote eta, 61 punturekin, seigarren lekuan kokatu dira. Ion Larrañagaren mutilen aurretik, puntu bateko aldearekin, Kaikuk jarraitzen du bosgarren postuan.

Larunbatean, Getxoko uretan aritu ziren lehian. Santurtzirekin, Kaikurekin eta Zierbenarekin batera, bigarren txandan egin zuen arraun Getariak. Hasieratik, Kaiku jarri zen estropadaren buru eta lan ikusgarri baten ondoren, 20:17,92 denborarekin, txandan lehena izan zen. EsperantzaBizkaitarrak baino ia 12 segundo gehiago behar izan zituen eginbeharrak amaitzeko. Lehen minutuetatik, Zierbenarekin lehia estuan aritu zen Getaria eta azkenean, ia bi segundoko aldea aterata, Jon Elortegiren kuadrillaren aurretik helmugaratu zen Larrañagarena. Lehenengo txandan irtendako Cabok Getariak baino denbora hobea egin zuen eta ondorioz, ohorezko txandako lau ontzien eta Kaikuren nahiz Caboren atzetik, zazpigarren geratu ziren etxeko mutilak.

Igandean, erakustaldia eman zutenak getariarrak izan ziren. 21:04,46ko denborarekin, bigarren txandako aurrenengoak izan ziren. Estropadaren buru jarri ziren hasieratik eta luzeek aurrera egin ahala, Getariaren eta gainerako hiru ontzien arteko tarteak handitzen joan ziren. Esperantza helmugaratu zen lehena eta bigarren traineruari, Cabori, 11 segundoko aldea atera zion. Horrenbestez, azken txandako traineruen atzetik, bosgarren postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean.

Asteburu berezia

Datorren igandean, hilaren 7an, hitzordu garrantzitsu bat izango du Esperantzak. Izan ere, Salbatore Jaien baitan, XIII. Getariako Ikurriña – 500. Urteurrena Saria lortzeko lehian arituko dira getariarrak. 12:13 hasita, herriko uretan jokatuko dute ligako 12. jardunaldia. Bezperan, larunbatean, Hondarribian izango dira.

Estropadaren jiran, hainbat ekintza antolatu dituzte herrian. Alde batetik, arrauna gertutik jarraitu ahal izateko, frontoian eta moilan pantaila erraldoiak jarriko dituzte eta, eguerditik aurrera, bi eremu horietan, hegaluzea parrillan dastatzeko aukera izango dute bertaratuek. Bestalde, 12:00etan, moilatik abiatuta, Incansables txaranga herriko kaleetan barna ibiliko da giroa alaitzen.

Argazkia: Aitor Arrizabalaga (Eusko Label Liga)

Lotutako albisteak: