Gertu dute oraindik herriko gazteenek Getariako azken parranda, duela bi aste eskas ospatu baitzuten Gazte Asanbladaren urteurrena. Gaurkoan, denek kamiseta bera soinean, Salbatore Jaietako Gazte Eguna izan dute elkarrekin gozatzeko arrazoi. Hasierako txupinazoa, gainera, Gazte Asanbladako kideek beraiek jaurti dute txosnagunean.

Libe Goenaga eta Amets Aizpurua bertsolariek ireki dute Bista Onan kokatutako txosna. Ordurako herriko zenbait kuadrillatako kideak paella prestatzen ari ziren Harritarten, 11:00etan hasi baitira. Tipula nahiz piperra mozten, oilaskoa frijitzen, salda botatzen, eta arroza gehiegi ez lehortzeko paella-ontziaren ondoan berriketan ikusi ditugu gazteak. Hondartzarako bidean zihoazen herritarren iritzia ere bildu du zenbaitek epaimahaiari emaitza aurkeztu aurretik.

Prestatutakoa kuadrilla artean bazkaldu aurretik, Joseba Fuentes, Itziar Garrastazu eta Haizea Lertxundik probatu dituzte paellak, beraiek osatu baitute aurten epaimahaia. Bazkalondoan jakinaraziko dute hartutako erabakia, hau da, nortzuk diren aurtengo paella lehiaketako irabazleak. Haiek jasoko dute Irati Idiakez eta Intza Gurrutxagaren lekukoa, azken lehiaketa eurtek irabazi baitzuten.

 

Lotutako albisteak: