Erromatar bidean barrena heldu dira euskal selekzioen aldeko mendi martxaren 20. edizioko parte-hartzaileak. Txistulariak zituzten zain Herrerieta kalean, eta haien laguntzaz, Nazio bat, selekzio bat oihuen artean, heldu dira plazaraino. Ekitaldi nagusiaren aurretik, Elkano kalean behera eta Kale Nagusitik gora joan dira, egunotan jaietan dabiltzanei ere beraien aldarria helarazteko.

Plazan egin diete harrera udaleko hainbat ordezkarik, eta esker hitzak izan dituzte haientzat. Mendi martxako bi kidek eta Haritz Alberdi alkateak –honek goizean herritarrei dantzatu izana baliatu dute antolatzaileek– aurreskua dantzatu diete martxako parte-hartzaileei. Hitza hartu du Alberdik ondoren eta mendi martxak agur esan arren, hurrengo belaunaldientzako kontaketa bat utzi duela azpimarratu du. Elkanoren urteurrenaren harira, kontaketaren garrantzia behin baino gehiagotan aipatua du Alberdik, eta Aitor Server bertsolariak ere itsasgizonaren irudia erabili du ekitaldian.

ESAIT herri mugimenduak sortu zuen euskal selekzioen aldeko mendi martxa duela 20 urte eta, taldea 2015ean desegin zenean, ekimena desagertzear egon zen. Gaurko ekitaldian ESAITeko hainbat ordezkari ere izan dira eta adierazi dute “oso harro” daudela egin zuten lanagatik. “Badira hainbat urte ESAIT eragile bezala desagertu zela, baina zorionez, aldarrikapena ez da desagertu eta gurean jarraitzen du”, azaldu dute. Hala, esker ona erakutsiz, oroigarria eman diote mendi martxako antolatzaile Txumai Iturriari.

Iturriak hitza hartu duenean, udalari eskertu dio prestaketetan emandako erraztasuna zein harrera jaietako egitarauan sartu izana. Gerora indartzea lortuko zelakoan hartu zuten mendi martxako egungo antolatzaileek ESAITen lekukoa, eta egindako lanarekin “harrotasun puntu bat” badutela aitortu du Iturriak: “Hor geratzen da egindako lana. Ongarritu dugu lurra, lur kolore ezberdinetakoak, arrea, gorria, berdea; eta noizbait, emango ditu bere fruituak, ziur gaude”.

Oroigarriak

Ekitaldia amaitu aurretik, oroigarria eman diete mendi martxako antolatzaileek Getariako udal ordezkariei. Alberdik Salbatore Jaietako zapia oparitu dio Iturriari, honek minutu gutxi lehenago, mendi martxaren hasieran Ajangizen jantzi ez zuena lotu baitu lepoan.

Taldeko argazkia aterata, Harritartera joan dira bazkaltzera euskal selekzioen aldeko 2022ko mendi martxako partaideak.

 

 

Lotutako albisteak: