17:30ean hasi eta 21:00ak aldera amaitu dira XXIV. Salbatore Txapelketako finalak. Pilotariek maila ederra erakutsi dute eta bertaratutako pilotazaleek lehia estuaz gozatzeko parada izan dute. Eguzki galdatan eta bero handiarekin jokatu dituzte, batez ere, lehenengo bi partidak. Hirugarrengorako itzala sartu da eta ikusleek nahiz pilotariek eskertu dute eguzkiak atseden apur bat eman izana.

Kadete mailako finala jokatu dute lehenik; Uriarte-Calvo bikotea gorriz eta Galarza-Egaña urdinez. Hasieratik aurrean jarri dira gorriak eta urdinek, eginahalak egin arren, ezin izan dituzte garaitu. 22 eta 8 gailendu zaizkie Uriarte eta Calvo Galarzari eta Egañari. Kantxara irteten bigarrenak jubenil kategoriako Mikelarena-Agesta eta Illarregi-Garaño izan dira. Ikustaldi ederra eman dute eta azkenengo tantora arte, dena erabakitzeke zegoen. Izan ere, partida osoan zehar markagailua berdinduta izan dute eta azkenean, 22 eta 21, Mikelarena eta Agesta izan dira garaile.

Hirugarren eta azken partida 23 urte azpikoena izan da. Oskozek eta Agirrek Etxanizen eta Eskuzaren aurka neurtu dituzte indarrak. Aurrealdean pilota bizi mugituz, partida bikaina jokatu dute. Zazpigarren tantora arte berdinduta ibili dira, hortik aurrera, ordea, Etxanizek eta Eskuzak abantaila atera diete. Azkenean, 22 eta 11, eurak izan dira txapeldunak.

Festa giroa nonahi

Pilota partidek zirauten bitartean, bestelako ikuskizunak egin dituzte herriko puntu desberdinetan. Plazan, Kantu kolore taldearekin, herriko haurrak gustura ibili dira abesten eta dantzan. 19:00etan hastea aurreikusita bazegoen ere, kontu teknikoak tarteko, ia ordubete beranduago hasi da Aitor Arregi Ximelen bakarrizketa saioa txosnetan; besteak beste, ezkontzak, ligatze kontuak… izan ditu hizpide Aiarrak. Era berean, kalez-kale, giroa alaitzen ibili da Broken Brothers Brass Band taldea.