Herriko 14 eta 18 urte bitarteko gaztetxoek erakutsi behar izan dute gaurkoan sukalderako duten abilezia. Labanak zorroztuta eta zartagiak ondo garbituta ekarri dituzte VIII. Patata Tortilla Txapelketara. Orotara, 21 bikotek parte hartu dute eta euren eginbeharra ahalik eta tortilla goxoena egitea izan da.

Harritarten aritu dira sukaldatzen. Guztiek osagai berak izan arren, bakoitzak bere modura prestatu du patata tortilla. 16:30 pasata hasi dira lanean eta 18:15ean, egindakoa Josu Larrazabalek, Maialen Berazadik eta Ainhoa Camiok osatutako epaimahaira eraman dute. Gehienak gozoak egon arren, epaimahaiak adierazi digu denetarik egon dela. Gatzaren ordez azukrea erabili duenik ere izan da.

Patata tortilla guztiak dastatu eta baloratu ostean, epaileek bere erabakiaren berri eman dute. Hirugarren postuan, berdinketa bat egon da eta biak berriro dastatu ostean, Maialen Larrañagarena eta Ainara Oiartzabalena aukeratu dute. Bigarren postua eskuratu du Julen Aristik eta Beñat Eizagirrek egindako tortillak. Txapeldunak, berriz, Maren Gonzalez eta June Aranguren izan dira.