Gaur goizean XXIV. Marmitako Lehiaketan prestatuakoak dastatu dituzte ehunka getariarrek eguerdian Harritarten. Bazkalondoan, Bentazarreko Mutiko Alaiak taldeak, euskal doinuz, alaitu du giroa; kanta artean, azken egunetan herrian nagusitu den Esperantza oe, Esperantza oe abestu dute birritan, eta horretan laguntzaile izan dituzte musikariak.

18:00etarako minutu gutxi falta zirela hasi dute marmitako txapelketako sari banaketa. Aurrez, ordea, udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete goizetik lanean aritu diren boluntarioei, sukaldatzen jardun dutenei eta Harritartera bertaratu direnei.

Fermin Mendizabalek eta Mireia Arangurenek jakinarazi dituzte hirugarren sarituak: Josu Ezenarro eta Ibon Zubizarreta. Justo Juxto Silbetik eta Ixabel Etxeberriak irakurri dituzte bigarren sarituen izenak: Nerea Urresti eta Juan Angel Ruiz. Mikrofonoa esku artean hartu eta gogoan izan dituzte Balentin, Jon Urresti, kuadrillakoak nahiz familiakoak. Ahots urratuz, Aupa Getaria! Aupa Salbadore! Aupa Balentin! Aupa Herrero! oihukatu du Urrestik. Ruizek, berriz, aurten egin duten akatsa antzeman dutela eta datorren urtean lehenak izango direla iragarri du.

Irabazleak ezagutzeko jakin-mina zegoen, danbor hotsak irudikatu dituzte bertaratutakoek. Itziar Larrañaga eta Ane Loidi zinegotziek jakinarazi dute Amaia Alberdik eta Ander Subijanak prestatu dutela aurten marmitakorik onena. Txalo zaparrada jaso dute irabazleek, baita zorion agurrak eta poz oihuak ere.

Sariak banatuta, taldeko argazkia ateratu dute eta Bentazarreko Mutiko Alaiak taldearekin kantuan eta dantzan jarraitu dute.

Bien bitartean, gaztetxoenak herriko plazara gerturatu dira DJarekin musikaz gozatzera.

 

Lotutako albisteak: