Gaur goizean aurkeztu dute Kontxako Banderaren 127. edizioa Donostiako udaletxean. Sailkapen probak datorren asteazkenean, abuztuaren 31n, eta ostegunean, irailaren 1ean, jokatuko dira; bandera, aldiz, irailaren 4an eta 11n.

Zozketaz hala egokituta, asteazkenean jokatuko da gizonezkoen kanporaketa eta 24 ontzi uretaratuko dira Kontxako Banderan lehiatzeko zazpi lekuetakoren bat eskuratzeko, tartean izango da Getariako Esperantza. Gainera, iazko garaileak, Soterak, ez du parte hartuko kanporaketa estropadan, beranduegi eman baitzuen izena eta gerora aurkeztutako helegitea atzera bota baitute.

Emakumezkoen sailkapen proba, berriz, ostegunean izango da eta 19 ontzik jokatuko dute. Kontxako Banderan zortzi ontzi lehiatuko dira bi jardunaldietan, gizonezkoen kategorian bezala.

Omenaldia Elkanori

Eneko Goia Donostiako alkateak aurkeztu du urteko estropadarik bereziena, baina Haritz Alberdi Getariako alkatea ere ekitaldian egon da. Izan ere, lehen mundu biraren 500. urteurrenean, Elkano omenduko dute Kontxako Banderan. Hori dela eta, Lehorreratzean parte hartuko duen Vera Cruz karabela Donostiako badian egongo da irailaren 4ko estropadetan eta irabazleei emango zaizkien banderek lehen mundu bira gogoratzeko begizta bana edukiko dute.

Murrizketen amaiera

Pandemia tarteko, azken urteetako Kontxako Banderetan mugak egon dira ikusleentzat. Aurten, Goiak iragarri duenez, ez da inolako murrizketarik izango. Hala, Pasealeku Berritik, Urgulletik, Kaitik eta Alderdi Ederretik ikusi ahal izango dira estropadak. Sarrera orokorra 4 euro kostako da.

 

Argazkia: Donostia Kultura