Galdera argia du abiapuntu Beñat Gereka getariarrak ostiralean, irailaren 2an, Bista Onan aurkeztuko duen Itsasoak pizten gaitu dokumentalak. Estreinaldiaren aurretik, prentsaurrekoa eman du gaur goizean horren inguruko hainbat xehetasun argitzeko. Hiru urtez aritu da “herritik itsasora egindako bidaia” gisa definitu duen ikus-entzunezkoa lantzen eta galdera hura sortu zitzaionean baino ezagutza handiagoa du egun.

Bere kezka batetik sortu da dokumentala: “Azken hiru urteotan asko hitz egin dugu historiari buruz, itsasoaz; orain dela 500 urte baginen zerbait itsaso zabal horretan, herri itsastar bat ginen baina zalantza sortu zitzaidan ea orain baginen edo ez”.

 

Getariarra izan arren, itsasoaz gutxi zekiela-eta, kamera hartuta moilara hurbildu omen zen Gereka, “ikasteko eta nondik gatozen jakin ahal izateko”.

Itsasoarekiko lotuta

Goizeko agerraldian Getariako alkate Haritz Alberdi, Elkano Fundazioko buru Ion Irurzun, Berriako kazetari Gurutze Izagirre eta Dantzaz konpainiako zuzendari Fernando Saenz de Ugarte izan ditu Gerekak lagun. Elkarrizketa formatuko aurkezpenean, itsasoarekin duten harremanaz galdetu die haiei.

Alberdik aitortu du “nostalgia puntua” pizten diola itsasoak, aitona eta aita arrantzaleak zituela eta “bat-batean” moztu egin dela etxean “arrantzarekiko mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, pasa den lekukoa”. Haurrak izanda, moilan jolasean pasatako orduak harrotasunez gogoratzen dituzte getariar askok; gun, oso bestelakoa da itsasoarekiko lotura. Alkatearen esanetan, “bizipenetan gero eta tarte handiagoa dago, harreman hori hautsi egin da”.

Egoera zehatza kontatu du Irurzunek: “Fundazioan hasi nintzenean, berehala ikasi nuen herri honek bi eremu zituela, herria eta kaia, baita haietako bakoitzean zein eskumen dauden ere. Nik uste dut lapurtu egin zigutela kaia; itsas jolasak antolatzen saiatu garenean, denari ezin dela esan diote, ez dagoela baimenduta”.

Errealitatea azken urteetan asko aldatu dela uste du, hortaz, ez dagoela 500 urte atzera egin beharrik. “Orain dela 60 urteko argazkia hartuko bagenu, adierazgarria egingo litzaiguke zein aldaketa izan dituen Getariako moilak. Gure aiton-amonen bizimodua askoz gertuago egon daiteke Elkanoren garaitik guretik baino”, azaldu du.

Zerbaitek gizartearen garapena baldintzatu badu, hori itsasoa izan dela gaineratu du Irurzunek eta azaldu oso harrituta geratu zela Getariara etorritakoan ikasitakoaz: “Sagardoa nondik datorren, haren bilakaera, barneko baserritarrak zertara dedikatzen ziren… guztia itsasoarekin lotuta dago”.

Saregileen aitortza falta

Ohikoa da getariarrentzat saregileak moilan sareak konpontzen ikustea, aldiz, ez kanpokoentzat. Gurutze Izagirre kazetariak, esaterako, arrantzale familia bat ezagutu zuen 90eko hamarkadan: aita patroia zen, ama saregilea eta semea arrantzalea. Huraxe izan zen master amaierako lana sare-jostunei buruz egiteko aitzakia.

 

Saregileak ezikusiak sentitzen direla azaldu du. “Lanean arakatu ahala, konturatzen zara baxurako arrantzarik ez dagoela sarerik gabe, eta sarerik ez saregilerik gabe. Arte bat da, ofizio bat”, dio. Sarea edozein lekutan puskatuta ere, puntadaka-puntadaka non, nola eta zein eratako joskerarekin konpondu jakitea nabarmendu du: “Kristoren jakinduria dago eta transmisioa etete kezkagarria”.

Gutxi eman zaiela irtzi dio: “Ez zaie aitortzarik egin, ez dira zaindu, ez zaie behar bezala ordaindu eta dokumentalean bertan esaten du saregile batek ‘nik nola opako diot hori nire alabari?”. Hala, lanbidea asko maite eta pila bat bizi arren, ondorengotza eten dutela uste du Berriako kazetariak.

Gerekaren aurreko hainbat proiektutan bezala, Dantzaz konpainiaren koreografiek jarri dute arte zertzelada dokumentalean. Hala, Gil Harush koreografoak bi ekoizpen egin ditu lan honetarako. Dantzazeko zuzendariak, Fernando Saenz de Ugartek, haietan erabilitako metafora eta abstrakzioa azpimarratu ditu.

Herriz herri

Gerekak iragarri duenez, oraingoz, bi emanaldi dituzte lotuta: ostiralean, Bista Onan eta urriaren 5ean, Donostiako Itsas Museoan. Egindako lanak berak asetu badu ere, herriz herri emanaldiak egin nahiko lituzkeela aitortu du.