Atzo, uztailak 31, jokatu zuten Donostian gizonezkoen Kontxako estropadako sailkatze jardunaldia. Euren onena eman asmoz, beste 23 ontzirekin batera, bertan izan zen etxeko trainerua. Faboritoen artean ziren herrikideak horrek, ordea, ez zien lasaitasun handiegirik eman ez arraunlariei ez zaletuei eta guztiek, estropadaren aurretik eta bitartean, nerbioak dantzan izan zituzten. Sailkatzekotan, dena eman beharra zuten Ion Larrañagaren mutilek eta ez zeukaten huts egiteko tarterik.

Hasi aurreko urduritasunak gaindituta, lan bikaina egin zuten getariarrek eta beste behin, maila goreneko arraunlariak direla argi erakutsi zuten. Estropada ikaragarria egin zuten eta 20:05,56 denbora eginez, laugarren postua eskuratu zuten. 19:43,72 denborarekin, Ama Guadalupekoa izan zen lehena, Zierbena bigarren (20:00,26) eta Orio (20:02,74) hirugarren. Azkenengo aldiz, 2001ean lortu zuen getariarrek eta zumaiarrek osatutako Paternina-Indaux traineruak Kontxako Banderan jokatzea; Esperantzak jokatutako azkena, berriz, 1973an izan zen, duela 49 urte.

Ohi modura, zaleek ez zuten hutsik egin atzoko hitzorduan. Getariar andana gerturatu zen estropada ikustera eta animo oihuak ez ziren falta izan. Herrian ilusioa piztu du Esperantzak eta Donostiako portuan ere sentimenduek gainezka egin zuten: besarkadak, negar malkoak…

Hala, aurtengo denboraldi bikainari ginga jarriz, datozen bi igandetan, irailaren 4an eta 11n, Kontxako estropadan lehiatuko da Esperantza. Beraiekin batera Kontxako Bandera lortzeko lehian izango dira Hondarribia, Zierbena, Orio, Bermeo, Kaiku, Ondarroa eta Donostiarra.

Gaur, emakumezkoen txanda

Iraileko lehen egunarekin batera, gaur jokatuko dute emakumezkoen Kontxako sailkatze estropada. 18:00etan hasita, 19 traineru arituko dira norgehiagokan. Hala, gaurko jardunaldiko zazpi azkarrenek lortuko dute Kontxako XV. Banderan parte hartzeko txartela –araudiari jarraituz, Donostiarra izango da lehiatuko den zortzigarren trainerua–. Getariako talderik ez, baina herritar ugarik egingo dute arraun beste zenbait taldetan.

 

Lotutako albisteak: