Amestu zitekeena baino gehiago ari dira eskuratzen aurtengoan getariarrak. Denboraldi hasieran aurreikusi gabeko helburuak lortuz, sasoi biribila ari dira egiten. Kontxako Banderako lehenengo jardunaldian estropada ikaragarria egin zuten eta jardunaldiko laugarren denbora onena eginda, ohorezko txandan izango dira datorren igandean, irailaren 11n.

Ion Larrañagaren mutilek bikain egin zuten arraun eta euren txandan, Hondarribiaren atzetik, zilarra eskuratu zuten. Bi luzeak egiteko 19:44,98ko denbora behar izan zuten getariarrek, Ama Guadalupekoak baino ia 16 segundo gehiago. Bost segundo pasatxoko abantaila aterata, atzean utzi zituzten, berriz, oriotarrak. Lehenengo ziaboga, jada, Oriok baino segundo bat lehenago hartu zuen herriko traineruak; ondoren, bigarren luzeko lan ikusgarriari esker, ia sei segundoko tartea atera zion.

Beraien txandan bigarrenak izan arren, sailkapen orokorrean laugarren lekuan geratu ziren. Izan ere, bigarren txandako Urdaibaik (19:21,56) eta Donostiarrak (19:29,26) Getariak baino denbora hobea egin zuten. Gizonezkoetan, Urdaibai izan zen atzo garaile eta emakumezkotan, Orio. Hala ere, datorren igandeko estropadan erabakiko da norena izango den Kontxako Bandera.

Atzo Kontxako badian sortutako giroa zirraragarria izan zen oso, oilo-ipurdia jartzeko modukoa. Esperantza oe!!! oihuak gailentzen ziren nonahi eta marea marroia gelditu gabe aritu zen arraunlariak animatzen. Irudietan ikus daitekeen bezala, arraunlariek ez ezik, Getariako zaleek ere emozio handiz ospatu zuten lorpena.

Lotutako albisteak: