Arraun denboraldia amaierara heltzen ari da eta Esperantzakoek badute zer ospatua, gutxi gehiago eska baitakioke TKE Ligako lehen urteari. Atzo, Kontxako Banderako ohorezko txandan lehiatu ziren getariarrak, Urdaibai, Donostiarra eta Hondarribiarekin batera. Getariarrak txandako azkenak izan ziren, bandera irabazi zuen Urdaibairekiko minutu erdi baino gehiagoko aldearekin.

Atzoko denbora pasa den astekoari gehituta, gainera, urrats bat behera egin zuen Esperantzak, eta Kontxako Banderako sailkapen nagusian bosgarren geratu da. Oriok hartu du laugarren lekua segundu bategatik. Hain alde txikiagatik laugarren ez geratzearen pena bai, baina nahigaberako arrazoirik ez da Getariako Arraun Elkartean. Hala adierazi zion Xabier Goikoetxea presidenteak Erlo telebistari: “Uda guztiko gure lekuan jarri gaitu Kontxak ere eta bosgarren postu horrekin geratzen gara; gustura”. Ion Larrañaga entrenatzaileak ere “badakigu beste hiru horiek baino koska bat beherago gaudela, ahal duguna borrokatu dugu eta gero ikusi da zer nolako ezberdinstasuna dagoen. Baina egindako lanarekin gustura eta pozik gaude”, adierazi zuen.

Klubeko bi ordezkariek azpimarratu zuten lortutakoa etxeko kirolariekin egin dela. Atzo, esaterako, Mattin Etxaniz salbu, getariarrak ziren traineruko kide guztiak. “Horri garrantzia eman behar zaio, hemen –Kontxako Banderan– ikusten duzu jende ona, taldez talde dabilena, eta gu herriko jendearekin, herriaren babesarekin… Hau baloratzeko modukoa da”, nabarmendu zuen Etxaniz berak.

Bestalde, denboraldi honetako helburuak lortuta dituztela argitu zuen Larrañagak: “Salbatu gara, Kontxan sartu gara, zer gehiago eska genezake? Kontxa eta gero buruak apur bat behera egiten du baina ahaleginduko gara azken bi estropadetan gure %100a eman eta denboraldia txukun bukatzen”.

Asteburu honetan izango da amaiera, igandean, Portugaleten. Bezperan, ordea, Bermeon ariko dira Eusko Label Ligako arraunlariak.

Orio irabazle emakumezkoetan

Aurreko astetik abantaila handirik ez bazekarren ere, Orioko emakumeen traineruak bere lana egin zuen atzokoan Kontxako Banderan. Bigarren astez, azkarrena izan zen, eta hortaz, Maialen Aizpuru getariarraren taldeak Oriora eraman zuen bandera. Barrutik lehiatu eta gozatzeko aukera izan zuen, gainera, Aizpuruk.

Oriotarrek Euskotren Liga ere irabazi dute aurten, beraz, gogotsu ospatu zuten denboraldian lortutakoa atzo iluntzean egin zitzaien harreran.

 

Lotutako albisteak: