Taido Judo Klubak gaur, irailak 13, ekingo dio 2022-2023 denboraldiari. Nahikari Arretxe entrenatzaileak gidatuta, Haur Hezkuntza 4tik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko haurrek zein helduek izango dute saioetan parte hartzeko aukera.

Izen-emateen arabera alda badaitezke ere, astearte eta ostegunero batuko dira Sahatsaga kiroldegian honako ordutegian: HH4ko, HH5eko eta Lehen Hezkuntzako 1. mailakoak 16:15etik 17:10era, LH2koak eta LH3koak 17:15etik 18:10era, LH4tik LH6rakoak 18:15etik 19:10era, eta helduak 19:30etik aurrera. Etapa bakoitzari bideratutako helburu espezifikoak egonagatik ere, esperientzia handia dutenentzako zein hasiberrientzako saioak dira. Hargatik, edonor gonbidatu dute parte hartzera.

Kirol honen bitartez, “haurrei hezkuntza integral bat eta jarduera fisiko oso bat” eskaintzen zaiela argitu dute antolatzaileek. Umeen kasuan “norberaren eta inguruko lagunen gorputz kontrola, koordinazioa, oreka eta diziplina” lantzeko lagungarri dela uste dute.