Bihar, irailak 16, hasiko da Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioa. Nazioarteko ordezkaritzak –bai filmetan bai aktore zein zuzendarietan– hartu ohi du sona handiena baina bertakoen presentzia ere azpimarragarria da, besteak beste, Zinemira saileko lanei esker.

Bertakoen artean, bihar estreinatuko da El vasco film euskal-argentinarra. Joseba Usabiaga da pelikulako protagonista nagusia baina Itziar Aizpuru aktore getariarraren paperak ere pisu nabarmena du. Izan ere, Usabiagaren pertsonaia –Mikel– Bermeotik Argentinako herri txiki batera joan da han bizi den familiako baten deiari erantzunez. Heldutakoan, aitaren osaba batekin eta aitonaren arrebarekin –Itziar Aizpuruk interpretatua– egingo du topo. Azken hau denbora luzez egoera begetatiboan egon da eta, iratzarrita, Mikel bere anaia dela usteko du.

Jabi Elortegik zuzendu du filma eta aurten 14 emanaldiz osatuko den Zinemira saila irekiko du. El Vascoren lehen emanaldia, bihar, 19:15ean izango da Kursaalen eta bigarrena, 21:45ean, Principe aretoan. Irailaren 17an, 16:30ean emango dute Trueba zinema aretoan eta irailaren 22an, 20:45ean, Donostiako Okendo plazan. Zinemetan, berriz, urriaren 7tik aurrera egongo da ikusgai.

 

Argazkia: El Vasco.