Eusko Label Ligako lehen denboraldia agurtu zuen atzo Getariako Arraun Elkarteak. Nekez eska zezakeen gehiago, lan ugariko neguaren ondotik, emaitza imajina ezinak lortu baititu: bosgarren amaitu du liga, Kontxarako sailkatu eta ohorezko txandan aritu da… Xabier Goikoetxea presidenteak atzo herritarren aurrean adierazi bezala, “estreinatu dugun ligan, talde honek aurrez esperotakoa gainditu du”.

Atzo, denboraldia amaituta, heldu zen loriarako unea. 19:30ean jarri zuen hitzordua udalak baina ordurako herritar ugari zegoen plazan. Arraunlariak eta haien ingurukoak, Portugaleteko estropadaren ondoren, elkarrekin bazkaltzera joan ziren, eta herrira bueltan, moilan zituzten Gazte Alaiakeko txistulariak zain. Haiek markatutako erritmoan egin zuten plazara artekoa arraunlariek, bidean kale ertzetan bildutako ezagunak eta herritarrak agurtuz. Uda guztian piztutako ilusioa eta eragindako emozioak eskertu nahi izan zizkieten herritarrek beraien txalo, oihu eta abestiekin.

Plazan, Getariako Arraun Elkarteko behe mailetako kirolariak zeuden, pasilloa eginez arraunekin. Handik pasata, Haritz Alberdi alkatearen hitzetan “udako abesti” bihurtu den Esperantza oe, esperantza oerekin saltoka aritu ziren plazan bildutakoak nahiz arraunlariak. Aurreskua dantzatu zieten gero Gure Txeruko haurrek eta denboraldi honetan jasotako babesa eskertzera igo ziren udaletxeko balkoira.

Kultur etxean, giroa berotzen, Getariako Musika Banda eta estropadarik garrantzitsuenetan arraun taldearen ondoan egon den txaranga. Arraunlariak banaka irten ziren balkoira eta denak zeudenean,  Haritz Esteban eta Danel Olanok bertso bana kantatu zieten.

Haritz Alberdi alkatea eta Xabier Goikoetxea klubeko presidentea atera ziren ondoren balkoira. Azken horrekin batera, zuzendaritzako hainbat kide. Elkarri eskainitako esker hitzez gain, txantxarako tarterik izan zen, besteak beste, datorren urteko aurrekontuak onartzerakoan, berriro Eusko Label Ligako estropada bat herrian egingo dela aurreikusi beharko dutela gogorarazi zion Goikoetxeak Alberdiri.

Bosgarren sailkapen orokorrean

Esperantza erregularra izan da Eusko Label Ligako lehen denboraldian eta hainbat eta hainbat estropada bukatutako postu berean amaitu du sailkapen orokorrean: bosgarren. Gainera, Oriorekin lehian ibili da zenbait jardunalditan, nahiz eta azkenean haren atzetik geratu den; 184 puntu bildu dituzte oriotarrek denboraldian zehar eta 128 getariarrek.

Denboraldi amaieran ere, larunbatean Bermeon jokatutako estropadan Esperantza sailkatu zen Orioren aurretik. Atzo, Portugaleten jokatutako azken estropadan, berriz, oriotarrak aurretik ziren alde nabarmenarekin. Getariarrek seigarren bukatu zuten atzoko erlojuaren kontrako proba.

 

 

Lotutako albisteak: