Kirol eskaintza zabala dute Getariako haurrek eta arte martzialak ere ari dira lekua egiten. Horren adibide, azken urteetan ematen den judoa edo hastear den kenpo kai. Azken horretako ikastaroa urrian hasiko da (lehen astean ate irekiak egingo dituzte) eta dagoeneko zabalik dago izen-ematea.

4 eta 18 urte arteko pertsonentzat izango da ikastaroa, nahiz eta adin tarte handia egonez gero, 16-17 urtekoak helduen taldearekin entrenatuko duten. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko bospasei umek eman dute izena, eta taldea osatzea ziurtatu da horrekin. Hala ere, oraindik eman daiteke izena.

Saioak asteazkenetan eta ostiraletan izango dira, 16:30etik 17:30era, Sahatsaga kiroldegian. Informazio gehiago nahi izanez gero, 688 606 865 telefono zenbakira deitu daiteke.

Itsaso Legorburu irakasle

Bi dira azken urteetan kenpo kain izena hartu duten herritarrak: Itsaso Legorburu eta Judith Lazkano. Lehenak emango du, estreinakoz, haurren ikastaroa. Izan ere, pasa den ostiralean jantzi zuen bere izena daraman kenpo kaiko gerriko beltza eta horrek ahalbidetzen dio klaseak eman ahal izatea.

Legorburuk joan den uztailean gainditu zuen gerriko beltza eskuratzeko azterketa. Gauzak ondo bidean, abuztuan Japonian jokatzekoa zen Munduko Txapelketan jantzi behar zuen gerriko beltza baina lehiaketa bertan behera geratu zenez, Getariako kiroldegian bertan eman diote. “Oso gustura” dagoela adierazi dio ARTZAPEri.

 

Argazkia: Getariako Kenpo kai.

 

Lotutako albisteak: