Udako atsedenaldiaren ondoren, gaur hasiko da biltzen berriro Katukale irakurle taldea. Hala, ohiko ordutegian, 18:30etik aurrera, Alice Munroren Hartza mendi gainera igo zen ipuina aztertuko dute, Alhondigan. Aurten ere Uxue Alberdi izango da taldearen gidaria.

Irailarekin batera, gainera, irakurle taldean izena emateko aukera zabaldu dute. Beste irakurle batzuekin literaturaz solastu nahi dutenei edo idazketa-prozesua idazleen ahotik ezagutu nahi dutenei luzatu diete gonbita; izan ere, hilero liburu bat irakurrita, hartaz aritzen dira taldean eta bi hilean behin irakurritakoaren idazlearekin batzen dira haren lanaren nondik norakoak ezagutzeko. Taldekide bakoitzak 30 euro ordaindu behar ditu irailetik ekainera arteko saioetan parte hartzeagatik. Izena eman nahi dutenek irakurle taldearengana edo udalera jo, edo 943 896 024 telefono zenbakira dei dezakete.

Bestalde, urte amaierara arteko irakurgai zerrenda finkatuta dute: irailean, Alice Munroren Hartza mendi gainera igo zen irakurri dute; urrian, Joseba Sarrionandiaren Bizitzea ez al da oso arriskutsua?; azaroan, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eta abenduan, Luisa Carnesek idatzi eta Danele Sarriugartek itzulitako 13 ipuin.