Herriko adindunei egindako galdeketa batean antzemandako gabezia batetik sortu zen Adin Bizi ekimena joan den martxoan. Orduan elkarrizketatutako hainbat herritarrek adierazi zuen “bakardadea eta jarduera fisikoa egiteko lagunarte baten falta” sentitzen zutela. Lehen deialdi hartan, hamar pertsona animatu ziren elkarrekin “mugikortasuna eta memoria lantzera, dinamizatzera eta sozializatzera”.

Irailarekin batera, programaren deialdi berria egin du Getariako Udalak eta bertan izena emateko epea zabalik dago jada. Hain zuzen ere, irailaren 30era arte egin daiteke, bost euroren truke. Erabakia hartu aurretik probatu nahi dutenek, gainera, aukera izango dute astelehenean, irailaren 26an, ate irekiak egingo baitituzte.

Adin Bizi ekimena irailaren azken astetik ekainera arte egongo da martxan, kiroldegiko monitore baten gidaritzapean. Saioak astelehenetan eta asteazkenetan izango dira, 10:30ean. Batzuetan kiroldegian egingo dituzte, jubilatuen elkartean besteetan, eta eguraldiak hala ahalbidetzen duenean, kalean ere ibiliko dira. Programaren baitan, berriz, irteerak, mantentze-gimnasia, arnasketa, musika, zoru pelbikoa, jolasak, sukaldaritza eta ariketa fisikoa lantzeko asmoa dute.

 

Lotutako albisteak: