Aste honetan egin du Getariako Udalak ikasturteko lehen udalbatzarra eta, besteak beste, 2023ko ordenantza fiskalak izan ditu hizpide. EH Bilduko sei zinegotziren aldeko botoekin eta EAJko hiru zuriekin aurrera egin dute proposatutako neurriek.

Nahia Iturbe Ogasun eta Hezkuntza zinegotziak azaldu du udal gobernuaren proposamena eta, neurri orokor gisa, tasak eta zergak %1,5 igotzea eskatu du. Egungo “inflazio eta prezioen igoera dela eta, egoera okerrenean dagoena kontuan hartzen jarraitzeko” asmoz proposatu du hori. Egoera ekonomikoagatik, hain zuzen ere, tasak eta zergak izozteko eskatu du EAJk. “Beste udal batzuetan hartzen ari dira konpromisoa, eta gurean ere egokiena litzateke”, adierazi du Aitor Urresti bozeramaleak.

Diru kontuekin lotuta, Askizuko aterpeko prezioak finkatu eta azterketa eskubideengatiko tasa ezarri dute. Bi azpitaldetan banatuta, 20 edo 15 eurokoa izan daiteke hautaprobatan parte hartzeko prezioa. Gainera, turismo bulegoak kudeatutako kontuetarako bi adin sektore banatu –helduak eta 12 urtetik beherakoak– eta erakusketetarako bakoitzari dagokion prezioa zehaztu dute –2,5 euro helduek eta 1,5 haurrek–. Amaitzeko, herrian grabaketak egitea 314,94 euro kostako dela erabaki dute, erdia euskarazko grabaketa bada.

Ohiko etxebizitza ez direnei aplikatzen zaien gainzergaren inguruan, bizigarritasun irizpiderik ez duten etxebizitzek agiri bat aurkeztu beharko dute hori ordaindu beharrik ez izateko. Bestalde, gainzergaren ordainketa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bitartez jakinaraziko da. Azken neurri horrekiko desadostasuna agertu du EAJk, aldizkari ofizialean argitaratuta jendea ez dela ohartuko uste baitu.

Eguzki aprobetxamendurako instalazioak jartzen dituzten etxebizitzetan, %80ko hobaria aplikatuko da.

Bestalde, aurtengo aurrekontuan ia 250.000 euroko kreditu aldaketa onartu da udalbatzarrean, “ez dagoelako hainbat gasturi aurre egiteko nahikoa kreditu”. Esparru ezberdinei eragiten die aldaketa horrek, hala nola, hondartzen prebentzioari eta zainketari, iharduera kulturalei, gastu juridikoei, berdintasunari eta familiari, edo turismoari. EAJ abstenitu egin da.

Ingurumen neurriak

Udalbatzarrean Getariako Klima eta Energia Plana ere onartu da. Horrekin, hainbat konpromiso hartu ditu udalak, hala nola, berotegi efektuko gasen emisioak murriztea energia kontsumoa %35 gutxituz; %32ko energia sorkuntza bultzatzea; eta klima aldaketak sor ditzakeen inpaktuetara egokitzeko urratsak ematen joatea.

Zazpi ildo estrategikotan banatuta, 59 neurri zehazten ditu planak; 2030era bitarte bete beharko lirateke.

Alkateak zehaztu zuenez, planak “bere osotasunean” erantzuten dio klima zein energia beharrei eta Euskal Herrian lehenetarikoa da osotasun maila horrekin. Bi alderdien aldeko botoekin onartu zen eta Urrestik adierazi zuen “hasiera puntu bat” dela eta herri txikia izanik, halako gauzak ahalik eta azkarren prestatu behar direla.

Energia Planeko trantsizioaren bideari jarraituz, Udala Getariako Energia Komunitate Kooperatiban sartu da bazkide laguntzaile gisa. Haritz Alberdik azaldu duenez, “bilera irekietan hartu dira erabakiak. Pauso garrantzitsua da herritarrak ahaldundu egiten direlako eta etorkizuneko ekintzek horrelako neurriak eskatzen dituztelako”. Bazkide bezala, 1.000 euroko ekarpena egingo dio kooperatibari.

EAJk neurri honen aurka bozkatu du, ez dagoelako ados estatutuetako hainbat punturekin. Onarpen prozesuetan botere osoa kontseilu araupetzailearen esku, “sarrera publikoa bermatu gabe”, geratzea salatu du. Horrez gain, ez dago ados informazioa emateari uko egiteko ahalmenarekin.

Langileen egonkortze prozesua

Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko legean oinarrituz, bost lanpostu onartu dira Enplegu Publikoaren Eskaintzan: lantaldeko langile ofiziala, eginkizun anitzeko bi langile eta turismo bulegoko bi laguntzaile, haietako bat jardun erdira.