Getariako Udalak martxan jarri berri du Guztiok1 aurrekontu prozesu parte-hartzailea. Horri esker, getariarrek datorren urteko aurrekontuetarako proposamenak egin ahal izango dituzte.

Hiru modu zehaztu ditu udalak horretarako: etxera bidaliko duten triptikoa bete eta udaletxeko postontzian uztea, partehartzea@getaria.eus helbide elektronikora posta bidaltzea edo sarean prestatu duten online galdeketa erantzutea. Urriaren 28ra arte izango da horretarako aukera.

Proposamenak egiteko zehaztu dituzten arloak honakoak dira: hirigintza eta ingurumena, gizarte zerbitzuak, kultura eta kirola, euskara eta hezkuntza, turismoa, parte-hartzea, auzoak eta besteak.