Atzoko ez-ohiko osoko bilkuran, aho batez onartu zuten Zarautz Jauregiko obra arkitektonikoaren esleipen prozesua abian jartzea. Hala, enpresa interesatuek gaur hasi eta azaroaren 14a bitartean aurkeztu ditzakete euren proposamenak.

Vaumm Arquitectura y Urbanismo S.L. enpresak idatzi du exekuziorako proiektua eta lanen zuzendaritzaz ere bera arduratuko da. Zarautz Jauregian, besteak beste, museo gune bat eta turismo bulegoa egitea jasotzen du egitasmoak. Esku-hartze horrek 2.890.769,78 euroko (BEZa barne) aurrekontua du eta esleipena eskuratzen duen enpresak 18 hilabetean burutu beharko ditu lanak; alegia, 2023ko azaroaren 30erako.

Kostuak udal aurrekontuaren %10a gainditzen duenez, esleipenarekin hasteko, udalbatzarraren onespena behar zuen udalak. Haritz Alberdi alkateak azaldu zuen horrexegatik deitu zutela atzokoan ez-ohiko osoko bilkura.

Alberdiren hitzetan, 2019. urtean hasi zuen udalak “hainbat hamarkadatan hutsik egon den eraikina berreraikitzeko egitasmoa”. Beste erakunde batzuekin, elkarlanean, hainbat urrats eman dituztela eta finantzaketa konpromisoak lortu dituztela nabarmendu zuen alkateak: “2022an, dagoeneko, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 525.101,84 euro transferitu dizkiote Getariako Udalari. Horrez gain, 2023rako, Europako funtsetatik 796.727,16 euro jasoko dira, eta Jaurlaritzak nahiz Aldundiak beste 784.470,40 euro jarriko dituzte. Azkenik, 2024rako, Jaurlaritzak eta Aldundiak 784.470,40 euroko konpromiso-kreditua hartu dute”. Dirulaguntza horien bitartez, %100ean finantzatuta geratuko litzateke proiektua.

EAJk, bere aldetik, poza adierazi zuen. “Hainbeste urtetan geldirik egon den proiektu bat berriro aktibatzea eta, jada, martxan ikustea testuinguru ekonomiko eta sozial gogor honetan, pozez hartzekoa da”, adierazi zuen Aitor Urresti EAJko bozeramaileak. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman zizkion emandako babesa dela-eta. Kexa modura, udal gobernuari, beste baterako, dokumentazioa lehenago bidaltzeko eskaera ere egin zion.

Igoera Foru Funtsean

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo egin zuen Udalen Finantzaketarako Foru Funtsen (UFFF) aurreikuspen berria eta zergetatik uste baino diru gehiago jaso duenez, udaletara ere diru kopuru handiagoa bideratuko du. Hala, Getariakoak 2.192.263 euro jasoko ditu Aldunditik, aurreikusi baino 68.847 euro gehiago.