Euskaraldiko Batzordeak sustatuta, eta Getariako Udalaren laguntzarekin, Euskaraldiaren atariko egunak girotzeko ekimen desberdinak antolatu dituzte herrian –Euskaraldia hilaren 18an hasi eta abenduaren 2ra arte izango da–. Datozen egunetan, beraz, getariarrek kultura eskaintza zabalaz gozatzeko parada izango dute.

Lehena, igandean, azaroaren 6an, egingo den Buah, txabal! umorezko bakarrizketa izango da. Unai Iturriagak idatzitako antzezlana Jon Zubiaga aktorearen eskutik ikusteko aukera izango da. 19:00etatik aurrera, Iturzaeta aretoan izango da bakarrizketa saioa; sarrera doakoa da.

Hurrengo asteazkenean, hilaren 9an, berriz, txakolina eta bertsoa uztartuko dituzte. Getariako Txakolina Bertsotan izenburupean, Mikel Garaizabal ardo dibulgatzaileak eta Libe Goenaga nahiz Aner Peritz bertsolariek saio berezia egingo dute. 19:00etatik aurrera Berdura plazan izango da eta interesatuek aurrez eman beharko dute izena Harritarte dendan. Antolatzaileek ohartarazi dute 40 lagun ingururentzako lekua izango dela.

Azkenik, Euskaraldiaren hasiera egunean, azaroaren 18an, ekitaldia antolatu dute. 20:00etan hasiko da Bista Onan eta jarraian, Iban Isastik eta Ane Sarasuak osatutako Enabi bikoteak kontzertua emango du.

Euskaraldiko txapen banaketa eta izen-ematea

Euskaraldia hasi bitartean, batzordeko kideek txapak banatzeko eta izena emateko mahaia jarriko dute plaza inguruan. Zehazki, ondoko egunetan: azaroak 4, 18:30-20:00; azaroak 5, 12:00-13:30; azaroak 11, 18:30-20:00; azaroak 12, 12:00-13:30; eta azaroak 18, 18:30-20:00.

 

Lotutako albisteak: