Joan den larunbatean, Madrilen egin zen Kluben Arteko Kenpo Kai Txapelketan parte hartu zuen Itsaso Legorburu getariarrak. Hiru modalitatetan lehiatu zen: katan, kobudon (kata armarekin) eta konbatean. Katan, urrezko domina eskuratu zuen eta beste bi modalitatetan, zilarra.

Legorburuk hedabide honi azaldu dionez, egindako lanarekin gustura geratu da. Katan, talde mixtoan lehiatu zela eta espero gabeko garaipena lortu zuela aitortu digu. Hankan min du getariarrak eta ondorioz, kobudon, azkenengo momentuan oreka galdu eta puntuak galdu zituela azaldu digu, “hala ere, aurrenengotik oso oso gertu egon naiz”. Konbatean egindako lanarekin ere gustura azaldu da, baina hankeko minarekin aritu behar izan zela gaineratu du.