Elkarretaratzearen buru zen pankartaren inguruan borobila osatuz, plazan bildu dira getariarrak emakumeek jasaten duten indarkeria salatzeko. Isiltasunean deitoratu dute indarkeria matxista eta, besteak beste, urte honetan Getarian zein Euskal Herrian izan diren erasoak eta heriotzak.

Emakumeen kontrako indarkeriarik ez! zioen pankarta atzetik, Mariñakeko kideek hartu dute hitza. Argitu dute “azaroaren 25aren atarian, indarkeria matxista desagerraraztetik oso urrun” gaudela eta Euskal Herrian, 2003az geroztik, 115 emakume eta 11 ume erail direla “gizon baten eskuetan”.

Herrira etorrita, abuztura arte, indarkeria matxistari lotutako bost salaketa jarri direla azaldu dute eta azken hamar urteetan 40 salaketa baino gehiago.

Indarkeria matxistak “askotariko adierazpideak” dituela gogoratu dute eta nabarmendu udan hedatutako ziztadena. “Salbatore festetan izandako ziztadak oihartzun handia izan zuen. Ziztaden sistema berria irudituko zaie batzuei baina emakumeak erasotzeko, alkohola edo bestelako drogak kontsumitzera bultzatzeko ohitura aspaldikoa da, eta horren helburua berbera da: emakumeen borondatea lausotzea”, adierazi dute.

Feminismotik, tresna gisa, autodefentsa proposatzen dute: “Horregatik, antolatzen diren tailerretan herriko emakume guztiak partze hartzera animatzen ditugu, ahalduntze ariketa bikaina direlako”.

Amaitzeko, aipamen berezia egin diete Euskal Herrian eraildako emakumeei eta aurten hil dituztenen izen-abizenak irakurri dituzte. Plazan bertan 2012tik eraildakoen izenak daude idatzita, horretarako jarritako hesietan. Bestalde, nazioartean “euren askatasunagatik borroka sutsuan ari diren emakume eta gorputz disidente guztiei” egin diete keinu, besteak beste, “Iranen, Kurdistanen, Afganistanen edo Qatarren fundamentalismo erlijiosoei aurre egiten ari diren emakume iraultzaileei”.