Udaleko bi alderdiek, ohar bidez, adierazpen instituzionala plazaratu dute eta bertan, azaroaren 25ean, Getariako Udalak ere emakumeen eskubideak aldarrikatu nahi dituela adierazi dute.

Hasteko, berdintasuna lortzeko bidean, norbanakoek nahiz erakundeek egindako ahalegina azpimarratu du udalak: “Espazio publikoak eta pribatuak gizonen eta emakumeen artean banatzeko dikotomia gainditzeko helburuarekin, emakume askok aurrerapenak lortu dituzte, bai banaka egindako ahalegin tematiaren bidez, bai eta mugimendu feministek eta beste erakunde batzuek egindako lanaren bidez ere”. Hala ere, oraindik, bi aldeen arteko desberdintasuna agerikoa dela eta hori eragiten duen mekanismo nagusia sexu-indarkeria dela nabarmendu du.

Emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeriak funtzio sozial zehatz bat duela azaldu du, “emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea”. Egoera horren aurrean, erakunde publikoen erantzunkizuna ere mahai gainean jarri du: “Euskal politika publikoen eta administrazioen betebeharra eta helburua da eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, emakumeek eta neskek beren herritartasun osoa gauzatu ahal izateko gure hiri eta herrietako espazio fisikoan, eta horiek erabiltzea, berdintasun-baldintzak bermatuta”.

Getariako Udalak ondoko zazpi konpromisoak hartu ditu:

  1. Ezagutzea emakumeei espazio publikoa ukatzeko modu anitzak, tokiko politiken diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko.
  2. Lege eta politika integralen ezarpen eraginkorra bultzatzea, espazio publikoetan sexu-indarkeriari aurrea hartzeko eta erantzuteko. Era berean, gaitasunak, sentsibilizazioa, komunitate-mobilizazioa eta beste estrategia batzuk garatzea.
  3. Aldaketak bultzatzea jarreretan eta portaeretan, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko dituzten eskubideak bermatze aldera. Hori gauzatzeko, errespetuzko genero-harremanak, genero-berdintasuna eta segurtasuna sustatzea espazio publikoetan.
  4. Inbertsioak sustatzea, espazio publikoetan hautemandako segurtasun errealari dagokionez; genero-ikuspegia ziurtatzea hiri-plangintzan, emakumeen beharrizanak kontuan har daitezen.
  5. Berdinbidean indartzea eta parte-hartzen segitzea, ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza-trukea errazteko eta herri seguru eta inklusiboak lortzeko, emakumeentzat eta neskentzat.
  6. Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, besteak beste, Emakunderekin, foru-aldundiekin, gizarte-taldeekin eta feministekin, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko.
  7. Azkenik, Getariako Udalak herritarrak antolatuta dauden mobilizazio eta ekimenetan parte-hartzera animatu nahi ditu.
Asteburuko egitaraua

Mariñak Talde Feministak deituta, 18:30ean hasita, elkarretaratzea egingo da plazan. Talde feministatik azaldu dutenez, “herrian, aurtengo urtarriletik abuztura, bost salaketa jarri dira indarkeria matxistagatik. Elkartasuna eta babesa adieraziko diegu indarkeriei aurre egiten dieten emakumeei!”.

Bihar, 12:30etik aurrera, Berdura plazan, azken hilabeteetan zehar udala eta Artzape Euskara Elkartea, herriko emakumeekin batera, lantzen aritu diren 2023ko egutegia aurkeztuko dute. 18:00etan, nazioarteko jakien azoka izango da plazan eta 20:00etatik aurrera kontzertuak: Alarma Morea taldea eta Esther Sound Sister DJa.

 

Lotutako albisteak: