Atzo, Zarautz Jauregiaren zaharberritze lanen inguruko xehetasunak ematen, Getariako udaletxeko udalbatzar aretoan batu ziren Haritz Alberdi alkatea, Markel Olano Gipuzkoako Aldun Nagusia eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua. Egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituzten eta proiektuaren helburua herriaren erdigunean dagoen jauregia berreskuratzea eta erabilera anitza izango duen eraikina egitea dela azpimarratu zuten.

Jauregian egingo den eskuhartzeak bi ardatz nagusi ditu: alde batetik, arkitektura-lanak eta bestetik, Juan Sebastian Elkanoren inguruko proiektu museografikoa. Proposamen arkitektonikoak lau solairutan banatautako ekipamendua jasotzen du: beheko solairuan, turismo-bulegoa egongo da; lehenengoan, bigarrengoan eta hirugarrengoan, museo-gelak egongo dira; eta, azkenik, laugarren solairuan, Getariako biztanleentzako erabilera anitzeko espazioa. Museoari Elkano Mundubira espazioa izena jarriko diote eta helburua da gertaera historiko hura “modu didaktikoan eta erakargarrian azaltzea, jasangarritasunaren eta kultura-aniztasunaren errespetuan oinarrituta”.

Haritz Alberdi alkateak azaldu zuenez, eraikinaren konposizioa eta hark jasotzen duen guztia errespetatuko dute, “getariarron historia hori, gipuzkoarron historia guzti hori hor mantentzeko eta noizbait buelta eman nahi bazaio ere, atzera-buelta izan dezan”.

Egitasmoaren kostu osoaren zati bat, zehazki, 796.727 euro, Europar Batasunetik datozen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia planeko funtsekin finantzatuko da. Gainerakoa aldundiaren, Jaurlaritzaren eta udalaren artean finantzatuko dute: proiektu arkitektonikoa aldundiak eta Jaurlaritzak erdibana ordainduko dute eta museografikoa, hiru erakundeen artean, bakoitzak heren bat. Alkatearen hitzetan, 3.600.000 euro inguruko kostua izango du orotara proiektuak eta datozen egunetan edota astetan sinatuko dute lankidetza-hitzarmena.

Interes kulturaleko eraikina

Zarautz Jauregia Getariako hirigune historikoan dago eta, 1999ko Dekretuaren bidez, interes kulturaleko eraikin modura dago izendatuta. XVI. mendeko eraikin gotikoa da eta Getariako hiribilduaren bilakaerari eta garapenari buruzko informazioa dago bertan. Hain justu, orubean, indusketa arkeologikoak egin eta erromatarren okupazio garaiko aztarnak topatu izan dituzte. Atzo azaldu zutenez, garai historiko hori ez dago ia dokumentatuta Euskal Autonomia Erkidegoan eta, beraz, aztarna horiek ikusgai jarriko dituzte.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak Zarautz Jauregiaren proiektua erakundeen arteko elkarlan estuak ahalbidetu duela azpimarratu du: “Lankidetza eredugarria izan da hiru erakundeen artean eta urtetan lanean elkarrekin aritu izanak eman du bere fruitua. Ondarearen balioa nabarmentzeko egitasmo eredugarria da Getarian egingo dena. Ondarea den eraikina hartu, birgaitu eta zerbitzu publikoetarako erabiliko da”.

Lankidetzaren harira, Alberdi ere pozik azaldu zen. Horrez gain, bi puntu nabarmendu zituen: “Egongo diren espazio desberdinak batetik, herriko eta herritarren beharrei erantzuteko erabiliko dira eta bestetik, mendeurrenaren inguruan egin diren lanketa guztiak, modu grafiko eta laburrean bada ere, Elkanoren jaioterrian bertan eta balio handiko eraikin historiko batean bilduko dira”. Zentzu horretan, “oso egitasmo esanguratsua” dela aurreratu zuen aldun nagusiak eta azpimarratu zuen “Mundubiraren mendeurreneko ospakizunetan pilatutako jakintza gizartearen esku uzteko balioko du”.

 

Lotutako albisteak: